Bronkiolitis akutua bi urtetik beherako haurrei erasaten dien arnasbideen infekzio bat da, urritik martxora bitartean epidemia gisa zabaltzen dena, nagusiki. Bizkaian, 2017-2018 denboraldian, 2.600 kasu artatu ziren Lehen Mailako Arretan eta 1.500 Pediatriako Larrialdietan. Gaixoen % 12k ospitaleratzea behar izan zuten. Hasiera batean katarroaren antzeko sintomak agertzen dira (mukiak, eztula edo sukarra) baina, egun batzuen buruan, bestelako sintoma batzuk ere ager daitezke, hala nola arnasa egiteko zailtasunak, txistu-hotsak edo bularra hartzea zailtzen duen nekea.
Haurrei ematen zaien arreta hobetzeko eta sendagaiak beharrik gabe ez erabiltzeko, Ezkerraldea Enkarterri Cruces eta Barakaldo Sestao ESIek urte batzuk daramatzate lanean bronkiolitis akutua tratatzeko profesionalen jardunbidea bateratzeko eta horrela familiei ematen zaien arreta optimizatzeko.
2016-2017 denboraldian hobekuntza-neurri batzuk jarri zituzten abian. Lehenbizi, gidaliburuetako gomendioak helarazi ziren diagnostikoari eta tratamenduari buruzko protokolo bat hedatuz, eta, ondoren, bronkiolitis akutuaren inguruko jakintzak eguneratu ziren eta profesionalei helarazi zitzaizkien, farmakoen erabileraren berri emanez.
Handik urtebetera, 2017-2018 epidemian, bigarren hobekuntza-ziklo bat planifikatu zen, eta Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzua atxiki zitzaion. Ekintza nagusiak jardunbide egokiei buruzko kontzientzia sortzera bideratu ziren, eta, horretarako, posterrak banatu ziren bronkiolitis akutuaren tratamenduan funtsezkoak diren mezu batzuk zabaltzeko, baita txapak ere Bronkiolitis akutua: gutxiago gehiago da leloarekin. Eta, gainera, etengabe gogoratu ziren osasun-zentroetan agindutako botikei buruzko datuak. Bi fase horien ostean gaixotasunaren tratamendurako beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 50 baino gehiago murriztea lortu da hobekuntza-plana aplikatu den bi erakundeetan.
Bidean bat lelopean abian jarritako 2018-2019 kanpaina honetan emandako urratsetako garrantzizkoena izan da familiak eta osasun-arloko profesionalak inplikatzea hobekuntza-proiektuan, helburu bateratu batekin: arreta uniformizatzea lortzea. Horrela, gaixotasun hori duten seme-alabak dituzten gurasoen esperientziak bildu dira, eta zer-nolako arreta jaso duten, euren iritziak eta sentimenduak zein diren eta zer behar planteatzen dituzten jakin da. Horrekin guztiarekin Bronkiolitis Akutuaren Bide Asistentziala: Lehen mailako arreta eta Pediatriako Larrialdiak dokumentua landu dute adierazitako bi osasun-erakundeen artean koordinatuta.
Hori ezartzeko hainbat material argitaratu dira, eta bertan jaso dira familientzako prebentzio-neurriak, informazioa eta aholkuak. Horrez gainera, www.esano.eus webgunea prestatu da gurasoek gaixotasunaren tratamenduan garrantzizkoak diren gauzak ikas ditzaten, besteak beste, arnasketaren kontrola edo sudurreko garbiketak.
Komunikaziorik onena
Zerbitzu-erakundeak parte hartzen ari diren proiektu batek bronkiolitis akutuari aurre egiteko beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 50 murriztea lortu du. Gaixotasun pediatrikorik ohikoena da bronkiolitisa, eta eragin handia du osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen esparruetan. Rontegi Osasun Zentroko lehen mailako arretako pediatra den Marta Montejo Fernández doktorea buru duen lan hau lehenbiziko aldiz garatu da gaixotasun hori duten seme-alabak dituzten familien esperientzian oinarrituta, eta komunikaziorik onenaren errekonozimendua jaso du Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkarteak Burgosen egin duen eta 600 proiektutik gora aurkeztu diren Biltzar Nazionalean.