OSI EZKERRALDEA ENKARTERRI CRUCES

Txileko ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du, osasun eremuko lehen mailako arretarako sistema ezagutzeko

Euskadiko Osasun Sailak, egunotan, Asociación Chilena de Municipalidades elkarteko ordezkaritzen bisita jasoko du, euskal osasun-zerbitzuak nola funtzionatzen duen eta, zehazki, Osakidetzaren lehen arretarako eredua azaltzeko.

Erakundeak Hego Amerikako ia udalerri guztiak jaso ditu, eta udal-kudeaketa hobetzeko lan egiten du eta, horretarako, zenbait gairi heltzen die, hezkuntzari, etxebizitzari edo osasunari, besteak beste. Horrela, bada, bisita egingo dute Euskadira bertako arduradunek, euskal osasun-zerbitzu publikoa erreferentea baita. Txile lehentasunezko herrialdetzat identifikatu da Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Basque Country Nazioartekotze Estrategian.

Nekane Murga Osasun sailburuak bisitariei Euskadin Osasun Sailak dituen jarduketa-ildo nagusien berri emango die, 2013-2020rako Osasun Planean jaso direnak. Bera izango da anfitrioi nagusia eta, gaurtik datorren larunbatera arte, Txileko ordezkaritzako kideek Euskadiko Lehen Arretarako Estrategia ezagutuko dute; izan ere, horrek funtsezko eginkizuna du euskal osasun-sisteman, eta Euskadin bizi diren pertsona guztiei kalitateko osasun-asistentzia ematen die.

Txileko ordezkaritzak interesa erakutsi du Euskadiko Lehen Mailako Arretaren gainean, erabiltzaileen aldetik balorazio altua duelako, batetik, eta euskal herritarren osasun-adierazle onengatik, bestetik. Horietan, “lehen mailako arretak zerikusia du, zalantzarik gabe”, esan du Osasun sailburuak. Bere eginkizunen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: herritarrei osasuna sustatzeko zerbitzuak ematea, gaixotasuna prebenitzea eta minbizia sasoiz diagnostikatzeko programetan parte hartzea (lehentasunezko ibilbideak eta bularreko, kolon eta ondesteko eta umetoki-lepoko baheketak). Bertako profesionalak erreferentziazkoak dira pazienteentzat, eta beren premietarako erantzunak dituzte. “Denboran luzatzen den alta ondoko asistentziaren egitekoa dela eta, lehen mailako arreta funtsezko maila da edozein osasun-sistematan”, esan du Nekane Murga sailburuak.

Euskadik, Europako inguruneko gainerako herrialdeek bezala, asistentzia-beharretan dauden aldaketak ditu aurrez aurre, bai eta osasun-arloko profesionalen belaunaldi-erreleboa ere. Hori horrela, Nekane Murga sailburuak honako hau nabarmendu du: “Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia dute, eta horrek 7 ildo estrategiko eta 35 ekintza zehatz jaso ditu; ekintza horietatik, 15, dagoeneko, abian dira. Helburua arreta-eredua sendotzea eta profesionalei laguntzea da”.

Txileko ordezkaritzaren bisita datorren astean zehar izango da, hiru lurralde historikoetatik. Osasun-zentroak, Osakidetzaren erakunde sanitario integratuak eta osasun publikoaren kudeaketa edo 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoa ezagutuko dituzte, besteak beste.

Exit mobile version