Aurkeztutako 59 lanetako onena izan da INBERBAC-Neo proiektua, Gurutzeta eta Vall d’Hebron Unibertsitate Ospitaleek koordinatua eta jaioberrien zainketa intentsiboetako 46 unitateren parte-hartzea duena.

Barakaldoko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Bartzelonako Vall d’Hebron Unibertsitate Ospitaleak koordinatutako INBERBAC-Neo proiektuak (izenburu osoa: «Pisu oso txikiko jaioberrien artean kateter baskular zentralarekin lotutako bakteriemia murrizteko ebidentzian oinarritutako esku-hartze baten ebaluazioa») jaso du Arrisku Sanitarioaren Kudeaketaren IV. Sham saria.

José Ignacio Pijoan Zubizarreta doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Epidemiologia Klinikoko Sailaren burua eta Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBEReko eta BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaileetako bat, izan da proiektu irabazlearen koordinatzaile globala. «Sham saria irabazi dugu azterketa zorrotzen ondoren eta kalitate eta garrantzi handiko proiektuekin lehiatuta. Hortaz, ondorioztatu behar dugu benetan eragin sanitario eta sozial handiko gai bat hautatu dugula, eta gure ikuspegia arrazoizkoa eta egingarria izan dela», esan du.

Pisu oso txikiko jaioberri bat ospitalean ingresatuta dagoenean infekzio nosokomialak dira mehatxu handienetako bat. Bakteriemia nosokomiala da horietako ohikoena, eta kateter baskular zentralaren erabilerarekin lotuta daude kasuen % 83,4. NeoKissEs behaketa epidemiologikoko sistemak bildutako datu horiek ikusita, Barakaldoko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Bartzelonako Vall d’Hebron Ospitaleak elkarlanean aritu dira hobekuntza-proiektu bat diseinatzeko: INBERBAC-Neo proiektua, hain zuzen.

José Ignacio Pijoan Zubizarreta doktorearen hitzetan, «NeoKissEs erregistroan parte hartzen zuten Espainia osoko jaioberrien zainketa intentsiboetako 46 unitateek ematen zituzten datuetako informazioari Vall d’Hebron Unibertsitate Ospitaleko jaioberrien unitateko esperientzia eta emaitzak gehitu genizkion, bertan 2009an abiarazitako jaioberrientzako bakteriemia zero programaren datuak kontuan hartuta, eraginkortasun handiko programa bat izan baita». Horrela sortu zen INBERBAC-Neo, oso pisu txikiko jaioberrien bakteriemia nosokomialaren intzidentziaren gaineko eraginkortasuna ebaluatzen duen proiektu bat. Osasun-langileei zuzendutako prestakuntza-saioak eta kateter baskular zentralaren kudeaketarekin lotutako jardunbide egokiak betetzearen egiaztapena uztartzen ditu.

Orain arte, ebidentzia zientifikoaren laburpena eguneratu da eta hezkuntza eta prestakuntza emateko esku-hartze bat antolatu da, ondoren Moodle plataforma digitalean integratzeko. Unitate parte-hartzaileen hasierako egoera ebaluatu ostean, uda hasieran hasi da unitateetako profesionalentzako (neonatologoak, erizainak eta teknikari laguntzaileak) prestakuntza-materialen banaketa. Horrela, Pijoan doktoreak espero du 2020ko abendurako sepsiaren intzidentziak behera egitea. «Hasiera batean baliteke oso handia ez izatea, baina bai NeoKissEs-ek identifikatzeko modukoa. Gerora, orokortu egingo da eta egiten ari garen esfortzuaren isla izango da», azaldu du.

Gainera, informazio kualitatibo eta kuantitatibo ugari, protokolo klinikoak, prozesu eta emaitzen adierazle estandarizatuak sortu dira proiektuan. Argitalpen eta bilera zientifikoetan haien berri emango da, beste ikertzaile eta klinikari taldeek ere horiek erabili eta moldatzeko aukera izan dezaten.