“Autoeficacia en lactancia materna: claves para su fortalecimiento. Estudio descriptivo” izeneko azterlana egin dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko emagin diren Tatiana Medina Cuestak, Esther Mieza Vázquezek eta Marta Martínez Gutiérrezek, eta bigarren saria lortu dute Vicenta López Echevarría Ikerketa Sarietan, erizaintzaren esparruan bikaintasun zientifikoa nabarmentzen duen saria.
Amagandiko edoskitzeak arrakasta izatea zehazten duen faktorea izan dute aztergai azterlanean: emakumeak bularra emateari dagokionez bere buruarengan duen konfiantza, hau da, autoeraginkortasuna. Gaur egun ebidentzia zientifiko sendoa dago berresteko edoskitzea onuragarria dela bai jaioberriarentzat, bai amarentzat; hala ere, edoskitzen jarraitzeko tasa pixkanaka-pixkanaka jaisten ari da erditu osteko lehen hilabeteetan.
Ildo horretatik, hauxe azaldu dute egileek: “autoeraginkortasuna mugarri izan daiteke hasieran, eta amagandiko edoskitzearekin jarraitzea eragin dezake; gainera, praktika klinikoan landu daiteke”.
Azterlanean aztertu dituzte autoeraginkortasunean eragiten duten bi aldagai, zeinak erizaintza-jardunean aldatu baitaitezke: amagandiko edoskitzeari buruzko ezagutza eta hautemandako gizarte-babesa. Horretarako, zenbait emakume aztertu dira erditu osteko lehen 90 egunetan eta faktore horiek ebaluatzeko baliozkotutako galde-sortak erabili dira horretarako.
Emaitzek egiaztatzen dute ezagutza-maila eta gizarte-babes handiagoak izateak nabarmenki areagotzen duela autoeraginkortasuna. Egileek ere halaxe adierazi dute: “datu horiek berresten dute emaginek funtsezko eginkizuna dutela hezkuntza sanitarioan eta haurdunaldian nahiz erditze ondoko garaian laguntzeko, eta garrantzitsua da ere familia-ingurunea inplikatzea amari laguntzeko”.
Azterlanaren helburu nagusia izan da, hain zuzen ere, aztertzea nola eragiten duten faktore horiek emakumeek edoskitzea hasi eta harekin jarraitzeko ahalmenean. Horrez gain, bigarren mailako helburu gisa, emaginen jardunetik abiatuta esku-hartze eraginkorragoak eta pertsonalizatuagoak diseinatzeko lagungarriak izan daitezkeen zenbait giltzarri identifikatu dira, edoskitze-tasak nahiz erditze ondoko garaiaren esperientzia hobetze aldera.
Ikertzaileen arabera, saria jasotzeak berekin dakar “oso aitorpen garrantzitsua egitea erizaintzaren alorrean eta, gure kasuan, emaginen esparruan, egindako lan zientifikoari” Ildo horretan, hauxe nabarmendu dute: “mota horretako aitorpenak lagungarriak dira ikusarazteko ebidentzian oinarritutako praktika klinikoak emakumeen nahiz haien familien osasunean duen eragina”.
Halaber, hauxe adierazi dute aitorpenari buruz: “bultzada handia da haurdunaldian, erditzean eta erditze ondoko garaian arreta nahiz laguntza hobetuko dituzten proiektuak garatzen jarraitzeko”.
Vicenta López Echevarría Sarien xedea da erizaintzako ikerketa sustatzea eta lanbidearen edozein esparrutan dauden lan zientifiko originalak eta argitaragabeak aintzatestea. Epaimahai aditu batek ebaluatzen ditu aurkeztutako proiektuak prozesu itsu baten bitartez eta, besteak beste, alderdi hauek baloratzen dira: kalitate zientifikoa, gaiaren garrantzia, erabilitako metodologia eta erizaintzaren jardunari nahiz ezagutzari egindako ekarpena.
Azkenik, egileek berariaz eskertu dute proiektua garatu bitartean jasotako babesa: “bereziki aipatu nahi ditugu Carmen Paz Pascual eta Isabel Artieta Pinedo, etengabeko babesa eta inplikazioa eskaintzearren prozesu osoan zehar, ezinbestekoak izan baitira lan honek aurrera egin ahal izan dezan”.



