COVID-19aren krisiak eragindako haizagailuen hornikuntza faltaren ondorioz, Italian ekimen bat jarri zen martxan Decathloneko «EasyBreath» urpekaritzako maskarak erabilita pazienteen aireztatze ez-inbaditzailea posible egiteko. Egoera ikusita, aireztatzean espezializatutako Gurutzeko Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuetako eta BioCruces Bizkaia ikerkuntza institutuko kideek azterketa bat jarri zuten martxan maskarok haizagailu gisa erabiltzeko moduaren inguruan. Bertan Anestesia eta Bizkorketako Zerbitzuko Rosa M. Gutierrez doktoreak eta Pneumologia zerbitzuko Valentín Cabriada doktoreak parte hartu zuten. Azterketa egiteko Berrikuntzako Unitateko Rubén Garcíaren laguntza teknikoa izan zuten, baita BioGruces Bizkaia ikerkuntza institutuko Eunate Aranaren koordinazio zientifikoa ere.

Aztertutako prozeduran, urpekaritzako maskarak 3Dn inprimatutako balbula baten bitartez egokitu zituzten ospitaleko oxigeno eta aire sendagarriaren sistemara konektatu eta arnasbidean presio positiboa etengabe eskaintzen duen CPAP gailu «bilakatzeko»; hau da, arnasgora/arnasbehera ziklo osoan zehar etengabeko aire presio positiboa eskaintzen duen gailu bat, albeoloetako kolapsoa saihestu eta gas-trukatzean parte hartzen duten albeoloen errekrutamendua areagotzen duena.

Ikerketa talde ezberdinek egindako egokitzapenak askotarikoak izan direnez, azterketa independente bat egiteko beharra ikusi zuten egileek sistemaren eraginkortasuna ebaluatzeko, uneotan Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean izan daitekeen behar espezifikotik harago, azterketa hirugarrenei laguntza emateko eta ezagutza sortzeko modu gisa planteatuz.

Azterketan zenbait egokitzapen ezberdin probatu zituzten:

1. Fluxu altua Boussignac presurizazio-balbularekin. Paraleloan lan egiten duen sistema da; alde batetik, oxigenoa (30 lpm) eta airea (30 lpm) nahasten dituen fluxu altua sortzen da, eta, bestetik, presurizazioa ahalbidetzen da Boussignac balbularen bitartez, arnasbidean presio positiboa etengabe sortuz, era egonkor eta eraginkorrean.

2. Fluxu altua Boussignac presurizazio-balbula gabe eta PEEP balbularekin arnasbidean presio positiboa etengabe sortzeko. Paraleloan lan egiten duen sistema da; alde batetik, arnasgorarako oxigenoa (30 lpm) eta airea (30 lpm) nahasten dituen fluxu altua sortzen da, estugune sistema batekin, eta, bestetik, arnasbeheran PEEP balbula batez bitartez doitzen da maskarako presioa.

3. Sistema sinplea Boussignac presurizazio-balbularekin eta mikrobioen aurkako iragazkiarekin. Oxigenora (30 lpm) eta aire sendagarrira (30 lpm) konektatutako Boussignac balbula.

Sendagas fluxu altuak sortzeko beharrak pazientearen aireztapen-eskaera konpentsatzea du helburu, hau da, pazienteak arnasgoran duen gehieneko fluxu eskaera. Azterketan, nabarmen gainditu zen arnas gutxiegitasunik ez duen osasun oneko boluntario batek duen eskaria. Presioa maskararen irteeran jarritako manometro baten bidez monitorizatu zen. Azterketatik ateratako ondorio nagusiak honako hauek dira:

– Boussignac balbula erabilita sistemaren presurizazioa eraginkorragoa da, baina, kasu guztietan egiaztatu zen ez zela batere egonkorra (2 cmH2O baino gehiagoko aldaketak).

– Boussignac balbula erabili gabe ez da presioa egonkor mantentzea lortzen; oszilazio handiak antzeman ziren. Boussignac balbula funtsezkoa da fluxua bizkortu eta presio egokiak lortzeko. Balbularik gabe sistema ez da gomendagarria.

– Presurizazioa maskaren barrutik kanpora egiten da, eta, aztertutako gailua, beste helburu batekin diseinatutakoa, justu kontrako noranzkoan lan egiteko prestatu dagoela dirudi (uraren kanpotik barrurako presioarekin). Horrek aire-ihes bat sortzen du eta, ondorioz, ezin da lortu pazientea behar bezala aireztatzeko beharrezkoa den presioen egonkortzea. Litekeena da egokitzapen eta zigilatze hobe batek ihesak saihestu eta presurizazio egokia ahalbidetzea.

Aurrerago azaldu bezala, erabilera klinikorako diseinatuta ez dauden maskaron erabilera baliabide errukior gisa ulertzen da COVID-19ak eragindako krisian izandako material mediko balioztatuaren gabezia egoeran. Edozein kasutan, azterketak utzitako ondorioak oinarri, maskarok dituzten mugen berri ohartarazi beharra dago.

Era berean, azpimarratu beharra dago konexio-piezen fabrikazioa ere balioztatuta egon behar dela. Gaur egun piezen fabrikazioa arautzen duten prozesu eta materialak daude, biobateragarritasuna eta pieza horiek aireztapen-gailuetako osagai gisa erabili ahal izatea bermatzen dutenak. Azterketaren egileek, Mizar Health euskal enpresaren laguntza izan zuten piezak diseinatu, doitu eta fabrikatzeko.