Plos One zientzia aldizkariak «Second week methyl-prednisolone pulses improve prognosis in patients with severe coronavirus disease 2019 pneumonia: an observational comparative study using routine care data» azterlana argitaratu du. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmune, Epidemiologia Kliniko, Barne Medikuntza, Gaixotasun Infekzioso eta Erreumatologia unitateetako profesional sanitarioz eta BioCruces Bizkaia OIIko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta CIBERSEPeko kideez osatutako COVID taldeak egin du.

Azterketa horren helburu nagusia zen glukokortikoide baten (metil-prednisolona) dosi handiak 3 eguneko txanda labur (pultsu) batean emateak zer eragin zuen ikustea, horrela jokatzen baita biriketako gaixotasun inflamatorio autoimmuneetan. Gainera, tratamendu horrek zein pazientetan eta gaixotasunaren zein bilakaera-fasetan izan lezakeen onura ikusi nahi zen.

COVID-19ak eragindako pneumoniarekin Ospitaleko Barne Medikuntzako eta Gaixotasun Infekziosoen zerbitzuetan 2020ko martxoan eta apirilean ospitaleratutako 343 paziente behatu dira.

Emaitzen arabera, heriotza-tasa edo heriotzaren edo intubazioaren probabilitate konbinatua % 60 baino gutxiago murriztu da sintomak agertu ondorengo bigarren astean metil-prednisolonako pultsuekin tratatutako pazienteetan. Inflamazioaren parametro analitikoetan balio handiak eman zituztenean eta arnas narriadura zutenetan soilik ikusi zen efektu hori.

Lanak emaitza interesgarri gehiago ere lortu ditu. Aztertutako multzoaren heriotza-tasa orokorra % 7,5ekoa izan zen; % 14koa, larritasun handieneko pazienteetan. Bi ehuneko horiek argitara eman diren multzoetakoak baino nabarmen txikiagoak dira. Bestalde, inflamazio-datu analitikorik ez zuten pazienteen % 2 bakarrik hil ziren.

Gainera, azterlan horren bidez, COVID-19ak eragindako pneumonia duten pronostiko oneko pazienteen azpitaldea identifikatu daiteke; gaixotasunaren lehen astean inflamazio-parametro analitikoetan aldaketarik ez eta arnas funtzio ona dutenak. Paziente horiek zaintza aktiboko etxeko jarraipenerako hautagai izan litezke; hala, ospitaletako lan-karga arintzeko aukera legoke.

Ondorioz, paziente larrietan (inflamazio-parametroetan balio handiak dituztenetan eta oxigeno-saturazioa murriztua dutenetan) bigarren astearen hasieran metil-prednisolona pultsuak emateak erabat murrizten du heriotza-tasa eta intubatzeko premia, alegia, ZIUn sartzekoa.

Ikusi artikulo osoa

Noticia anteriorEzkerralde Enkarterri Gurutzetako ESIak “Laboral Kutxa-Deia Hemendik” saria jaso du
Noticia siguiente1 motako diabetesa duten pazienteen kontrol gluzemikoa hobetu egin zen COVID-19ak eragindako konfinamendu-aldian ikertutako pazienteetan