• Azeleragailu berriari esker zehaztasun handiko tratamenduak egin ahal izango dira, albo-ondorio gutxiagorekin, eta bostehun bat pazienteri eman ahal izango zaie tratamendua urtero.

• Erosketa ekipamenduak etengabe berritu eta eguneratzeko prozesu baten barruan egin da, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpón Osasuneko sailburua eta José Arnau Amancio Ortega Fundazioko presidenteordea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean izan dira gaur, erradioterapiarako azken belaunaldiko azeleragailu lineala bisitatzen. Amancio Ortega Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota zegoen azeleragailua. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortega Fundazioak iazko apirilean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean jasotako bost azeleragailuetako bigarrena martxan jarri da (lehenengoa Donostia Unibertsitate Ospitalean instalatu zen uztailean). Gaixotasun onkologikoen diagnostikoa eta tratamendua egiteko Euskadiko osasun-sistema publikoaren ekipamendua hobetzeko 14.700.000 euroko inbertsioa egin da horrela.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Amancio Ortega Fundazioko presidenteordea Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko instalazio berrietan izan dira, eta onkologia erradioterapikoko zerbitzuko profesionalekin bildu dira, azeleragailu berriak profesionalentzat zein gaixotasun onkologikoak dituzten pazienteentzat izango dituen abantailak eta hobekuntzak zeintzuk izango diren zuzenetik ezagutzeko.

Profesionalekin bildu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak honako adierazpen hauek egin ditu: «konpromiso irmoa dugu minbiziaren prebentzio eta detekzio goiztiarrarekin. Horren adibide dira datorren hilabetean Araban ere martxan jarriko den umetoki-lepoko minbiziaren populazio-baheketaren programa pilotua edo 2018-2023 aldirako Euskadiko Plan Onkologikoa, dagoeneko garatzen eta abiarazten ari garena».

Bularreko, koloneko eta umetoki-lepoko minbiziaren programen bidezko detekzio goiztiarra da oraindik ere Osakidetzaren eta Osasun Sailaren lehentasunetako bat. Izatez, jarduketa horiek gaixotasun onkologikoak dituzten pertsonen biziraupen eta bizi-kalitatearen tasak handitu dituzte. Gogoan izan behar da gaixotasun horiek direla oraindik ere Euskadiko heriotza-kausa nagusia. Tresna berriak eskuratzea aurrerapauso garrantzitsua da eta horregatik eskerrak ematen dizkiogu Amancio Ortega Fundazioari, minbiziari aurre egiteko laguntza eta kolaborazioagatik»

Bestetik, Amancio Ortega Fundazioko presidenteorde José Arnau-k nabarmendu duenez “Fundazioak laguntza eskaini nahi izan dio osasun publikoari, minbiziaren aurka borrokatzeko punta-puntako teknologia jarriz haren esku; baina ekipamendu horien emaitzak benetan esanguratsuak dira osasun-profesionalen goi mailako gaitasun teknikoari esker, pazienteekiko beren konpromisoari esker, eta egunero-egunero arretarik onena eskaintzeko beren ahaleginei esker.”

Amancio Ortega Fundazioari esker Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko onkologia erradioterapikoko zerbitzuan martxan jarriko den azeleragailu lineal berria erradioterapia eta irudi bidez gidatutako erradiokirurgiako plataforma aurreratua da, azeleragailu arrunten aldean. Tumoreak eta mugitzen ari diren ehunak trata ditzake orain arte ikusi ez diren zehaztasunarekin eta abiadurarekin.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi duenez, «gaixotasun onkologikoak tratatzeko azeleragailu honen bidez 500 pazientek jasoko dute tratamendua urtero. Egun dagoen azeleragailu lineal zehatz, fidagarri eta osatuena da, eta kontzeptu berri bat ere badakar: zauri txikiko erradioterapia».

Ekipamendu honek pazienteen bigarren mailako ondorioak murrizteko aukera emango du eta tratamenduaren teknika hauek beste ekipamendu batzuk erabiliz baino zehaztasun eta segurtasun handiagoz egin ahal izango dira: Intentsitate modulatuko erradioterapia (IMRT) edo arkoterapia bolumetriko modulatukoa (V-MAT eta Rapid Arc), garuneko erradiokirurgia, kranio kanpoko erradioterapia estereotaxiko frakzionatua (SBRT), irudi bidez gidatutako erradioterapia (IGRT), sistema robotizatuen bidez, eta erradioterapia moldatzailea.

Aurrerapen teknologiko honek aukera terapeutiko ugari irekiko ditu gaixotasun lokalizatua eta/edo oligometastasikoa duten paziente onkologikoentzat, tokiko kontrolaren maila altuak lortuz morbilitate oso txikiarekin. Erosketa Osakidetzako ekipamenduak etengabe berritu eta eguneratzeko prozesu baten barruan egin da, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetzako ospitaleen artean egiten den koordinazio-lanari buruz ere hitz egin du. Bizkaian, zehazkiago, Basurtuko eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleen artean 3.300 paziente baino gehiago tratatuko dituzte erradioterapiarekin, bien artean, urte bukaerarako. Kopuru horretara heltzeko ezinbestekoak izan dira profesionalen inplikazioa eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuaren zabalpena. Goizeko 7etatik gaueko 12ak arte ematen da, bai eta larunbat goizetan eta jaiegun batzuetan ere. Horrela, lortu dugu minbizia duten eta erradioterapia agintzen zaien pazienteen tratamenduan atzerapenik ez egotea.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, «bigarren azeleragailu honen ondoren erradioterapiarako beste hiru azeleragailu lineal etorriko dira, Gurutzetan, Basurtun eta Txagorritxun instalatuko direnak; bai eta bularreko minbizirako baheketa-programan erabiliko den mamografo digital bat ere».