Erorikoak prebenitzeko tailer bat egin da egunotan –bi egunetan– Zallako kultura-etxean, adinekoei zuzenduta. Lehen egunean, hitzaldi bat egin da, hainbat gai direla hizpide: hainbat eremutan erorikoak izateko arriskuak, jarduera fisikoaren onurak, teleasistentzia-zerbitzu publikoa eta udaleko gizarte-zerbitzuen arloko baliabideak.

Bigarren egunean, tailer praktikoak egin dira, honako hauei buruzkoak: arrisku-egoerak identifikatzea; bastoi, makulu eta taka-takak behar bezala erabiltzea; eskailerak igo eta jaisteko modu egokia; eta erorikoak saihesteko ariketak egitea.

Osasun Sailak, Zallako osasun-zentroak, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Zallako Udalak, Enkarterriko Mankomunitatea eta udalerriko kiroldegiaren kudeatzaileak antolatu dute ekimena.