(“El odio” liburuaren argitalpenean gaizki dagoen guztia)
Genero-indarkeria gero eta arazo handiagoa da eta eragina du ez bakarrik emakumeen osasun fisikoan, baita osasun mentalean ere. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera munduko hiru emakumetik batek genero-indarkeria jasaten du. Hala eta guztiz ere, osasun-arloko profesionalek ez dituzte kasu horietariko asko detektatzen.Errealitate horren aurrean geure buruari galde diezaiokegu ea erabat jabetzen garen hainbat arrazoirengatik gure kontsulta medikoetara etortzen diren emakumeek bizi dezaketen genero-indarkeriaz. Gainera, funtsezkoa da indarkeria horrek pazientearen osasun fisiko eta mentalean izan ditzakeen ondorioei buruz hausnartzea, baita bere egoeraren eboluzioari eta tratamenduari buruz ere. Geure buruari galdetu behar diogu, halaber, azpiko errealitate horrek eragina duen emakume horiei eskaintzen diegun ikuspegian edo tratamenduan.
Osasunaren Mundu Erakundeak adierazten du osasun-sektoreak berebiziko garrantzia duela genero-indarkeria jasaten duten emakumeei osasun-arreta integrala ematerakoan, eta, sarritan, lehen harreman-puntua izaten dela ondoren beste laguntza-zerbitzu batzuetara bideratzeko.
Lehen mailako biktimizazioa pertsona batek delitu baten ondorioz zuzenean jasaten dituen kalteei dagokie. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, gainera, bigarren mailako biktimizazioa jasan dezakete, adibidez, agintariek laguntza edo aholkularitza egokia ematen ez dutenean. Berriz biktimizatzearen kasu argi bat biktima batek agintariengana jo eta poliziaren edo sistema judizialaren beharrezko arreta jasotzen ez duenean gertatzen da.
Birbiktimizazioaren adibide bat Ruth Ortiz da. Kordobako Fiskaltzara joeta babesa eskatu zuen, laster liburu bat argitaratuko zelako. Liburu horrek berriz ere kontakizunaren erdigunean jarri zuen, jasan zituen gertaera lazgarriak eta horrek maila emozionalean eta mentalean izan zituen ondorioak gogora ekarriz.
Beste behin ere ahotsa ematen zaio tratu txarrak ematen dituenari, eta liburu honetan berriz ere luze eta zabal hitz egiten du bere biktimaz, Ruth Ortizez. Egileak, hiltzaileak, adingabeen hilketa onartzen du eta xehetasunez deskribatzen du.
Luisgé Martín kazetariaren iritziz bere helburua bere seme-alabak hiltzeko gai izan zenaren adimena ulertzen saiatzea zen. Hala ere kazetaria ez zen Ruth Ortizekin harremanetan jarri bere bertsioa ezagutzeko.
Horrelako narratibek tratu txarrak ematen dituztenen diskurtsoa betikotzen dute, eta biktima, Ruth Ortiz, bere ekintzengatik erruduntzat jotzen jarraitzen dute. Ikuspegi hau hiltzailearen burua ulertzeko ariketa intelektual gisa aurkezten da, eta ez du kontuan hartzen adingabeen amaren birbiktimizazioa.
El País egunkarian 2025eko martxoaren 29an argitaratutako El ego de un escritor izeneko artikuluan, Ana Iris Simón egileak modu kritikoan adierazten du kasu honi buruzko arreta mediatikoa ez dela liburuaren edukiaren ondorio, autorearen baldarkeriaren ondorio baizik, zeinak liburua Ruth Ortizi, eraildako adingabeen amari, ezer jakinarazi ere egin gabe idatzi baitzuen.
2025eko martxoaren 29an bertan, hainbat egunkariren azalean, sexu-erasoagatik akusatutako futbolari bat absolbitzearen berri jaso zen, “salaketa ez dela fidagarria” argudiatuz. Galderak erantzunik gabe jarraitzen du: Noiz hartuko da fidagarritzat emakumeen kontakizuna? Noiz entzungo da liburu honetan Ruth Ortizek esan behar duena?
Ruth Ortiz funtsezko figura izan da Espainiako genero-indarkeriaren aurkako borrokan, adingabeak indarkeria bikarioaren biktima gisa aintzatetsiak izan daitezen sustatuz, eta hori, azkenik, Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunean onartu zen.
Ezin dugu onartu hiltzaileei ahotsa ematen jarraitzea, biktimen ohoreari, intimitateari eta irudiari muzin egin diezaieten, ezta berriro biktimizatzen jarrai dezaten ere. Ruth Ortizek hedabideetan adierazi duen bezala, egoera hori ez badago behar bezala araututa, modu egokian egin behar da, eta dagoeneko arauketa bat badago, modu eraginkorrean bete behar da.
Ruth Ortizek adierazi duenez, “emakume batek laguntza eskatzen duenean, ama batek laguntza eskatzen duenean, benetan behar duelako da”, eta, gizarte gisa, emakumeen aurkako edozein indarkeria mota geldiarazteko gauza izango garenaren itxaropena agertu du.
Andaluziako Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak (SAVA) idazki bat aurkeztu zuen aldez aurretik Fiskaltzaren aurrean, “laguntza, arreta eta babesa” eskatuz. Zerbitzuaren iritziz, Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko Legean eta Haurrak eta nerabeak osorik babesteko Lege Organikoan oinarrituta,liburua argitaratzea legez kanpokoa delako.
Ruth eta Joseren amak liburuaren xehetasunak komunikabideen bidez ezagutu zituela salatu zuen, krimenaren aitorpena barne, eta horrek “min izugarria eta kalte psikologiko berriak” eragin dizkiola. Berriz ere bere seme-alaben bizitza eta hilketa jendaurrean azaltzen dira, epaian aipatu ere egiten ez diren xehetasunekin eta iruzkinekin.
Hau birbiktimizazioa da. Nahikoa da.
Ezin dugu atzera egin genero-indarkeriaren aurkako borrokan. Oraindik asko dago aurrera egiteko eta osasun-eremutik biktima guztientzako detekzio eta arreta egokia egiten lagundu behar dugu.



