OSI EZKERRALDEA ENKARTERRI CRUCES

Pediatriako Asma Akutuaren Ibilbide Asistentzial Integratua (PAIAI)

Asma haurtzaroko gaixotasun kronikorik ohikoena izaten da, eta haren exazerbazioak kontsulta-arrazoi ohikoak, bai lehen mailako arretan bai pediatriako larrialdi-zerbitzuetan (PLZ), baita, batzuetan, ospitaleratzeko arrazoia ere. Horrek guztiak familia-dinamikari nahasmen handia ekartzeaz gain, eragina dauka adingabearen eta haren familiaren bizi-kalitatean. Izan ere, asma duten pazienteen % 20 inguruk larrialdietan artatu beharreko exazerbazioak izaten dituzte inoiz.

Argi dago profesionalen artean ez dagoela bateratasunik -ezta eremu geografiko txiki batean ere-, eta praktika klinikoko gidekiko atxikimendua ez dela erabatekoa. Horregatik, urriaren 21-etik aurrera, pediatriako asma akutuaren ibilbide asistentzial integratua (PAIAI) abiarazi nahi dugu, Lehen Mailako Arretako, PLZko, ospitalizazio-solairuko, PZIUko eta Pneumologia Pediatrikoko profesionalen artean adostua. Ibilbide horrek hainbat kalitate-adierazle jasotzen ditu bai gertakari akutuaren maneiuari buruz bai asma iraunkorraren sintomak detektatu eta tratatzeari buruz.

PAIAI-a Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIetan pilotatuko da. Inplementatzearekin batera, profesionalei (pediatrak zein erizainak) zuzendutako hainbat prestakuntza-jarduera gauzatuko dira, PAIAIaren adierazleen eboluzioari buruzko datuak bidaliko zaizkie profesionalei, eta ikus-entzunezko laguntza-materiala jarriko da familien eta profesionalen esku:

PAIAIaren helburu orokorra da asma-krisia duen haurraren arreta hobetzea, hain zuzen ere, asistentzia-mailen arteko koordinazio eta komunikazio hobe baten bidez zainketen jarraitutasuna ziurtatuz, eta familiak progresiboki prozesuan integratuz. Helburu espezifikoak dira asma-gertakariaren larritasuna erregistratzea, bronkodilatadoreak emateko lehentasunezko modua MDI ganbera zabaltzailearekin izatea eta asma iraunkorra duten haurren detekzioa areagotzea, sakoneko tratamendu egokia emateko: https://crucesezkerraldea.osakidetza.eus/eu/Salud/rpa/RAsist2/Orriak/Asma-Agudo-Infantil.aspx

Hobekuntza honen oinarriak talde-lana eta integrazioa dira, eta ziur gaude asma duten adingabeen osasunarerako emaitza onak ekarriko dituela.

Talde bat gara eta bidean gaude!

Exit mobile version