Mari Carmen Pinedo pediatra aukeratu dute PRESS Sister Hospital Initiative nazioarteko proiektuan parte hartzeko; Erreumatologia Pediatrikoko Europako Elkarteak (PReS) babestu du proiektua. Haur Erreumatologia, bada, Tripoli Children Hospital (Libia) ospitalearekin senidetu da. Twinning Hospitals proiektuaren helburua da gaixotasun erreumatikoak dituzten haurren eta gazteen arreta, osasuna eta ongizatea hobetzea. Bat dator, gainera, Global MSK lantaldearen espirituarekin: elkarrekin hobeto lan egitea eta bata bestearengandik ikastea.
Zehazki, proba pilotu bat da, eta xede du baliabide gutxiko herrialdeetako ospitaleei eta osasun-profesionalei laguntzeko modu berriak aztertzea; horretarako, Erreumatologia Pediatrikoko taldeak senidetzen dira beste herrialde batzuetako ospitaleekin. Ezagutzak eta hezkuntza-aukerak bi noranzkoetan trukatzeko aukerak aprobetxatu nahi dira. Egungo egoerak trukeari eragiten dio, baina, hori ez da oztopo izango, elkarteak berak dioen bezala: «COVID-19aren mundu-pandemiak mina eta tristura ekarri ditu, baina, erakutsi digu elkarlana eta hezkuntza posible direla teknologia berriei esker. Zoom, Teams eta Meet mundu guztian bolo-bolo dabiltzan hitzak dira».
Erreumatologia Pediatrikoko Europako Elkarteak uste du aukera ezin hobea dela parte hartzen duten ospitaleen osasun-sistemen arteko ezberdintasunak aztertzeko eta gaixotasun erreumatikoak dituzten haur eta gazteei ematen zaien arretaren antolaketa-alderdiak, beste inguru batzuetakoak, ezagutzeko. Lan-eremu garrantzitsu bat da, halaber, ezagutzak trukatzea, elkarlan handiago eta zabalago baten aukerak aztertzeko; elkarlan hori izan daiteke, esaterako, bekadunak trukatzeko programak egitea edo ikerkuntza klinikoko, oinarrizko ikerkuntzako edo hezkuntza-ikerkuntzako bekak ematea.
Proba pilotua 2021eko urtarriletik ekainera egingo da. Udan, ebaluazioa egingo da eta, ondoren, emaitzak aurkeztuko zaizkio Europako elkartearen kontseiluari, PRES 2021 kongresua baino lehen.