Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, 14 urtetik beherako umeei zuzendutako arreta onkologikoa bi zentrotan kontzentratzea erabaki dute, adingabeei eta euren familiei eskaintzen zaizkien espezializazioa eta kalitatea hobetzeko helburuz. Horrela, Jon Darpón Osasun Sailburuak zuzentzen duen Sailak, Umeen Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta iragarri duenez, hemendik aurrera Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Donostia Unibertsitate Ospitalea izango dira erreferentziazko bi ospitaleak. Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESI barruan dagoen Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Bizkaiko eta Arabako biztanleei eskainiko die zerbitzua, eta Donostialdea ESIren barruan dagoen Donostia Unibertsitate Ospitalea izango da Gipuzkoarako erreferentziazko zentroa.

Zainketa Aringarrien Euskal Plan Berria

Ildo horretan, Osasun Sailak Euskadiko Zainketa Aringarrien 2016-2020 Plan berria jarri du martxan. Plan horren helburua zainketa aringarrien alorreko arreta hobetzea da, osasun arreta eskaintzen den lekua kontuan izan gabe, eta helduei eta pediatriako pazienteei zuzendutako zainketa paliatiboak aurreikusten ditu.