• Aintzatespen horren bidez, osasun-zentroan hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) duten pazienteak bikaintasunez tratatzen direla egiaztatzen da.

• Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko HGIa duten pazienteentzako Arreta Integraleko Unitateak urtean 1.200 pazienteri ematen die arreta.

• Unitate horren helburu orokorra artatutako pertsona guztiei osasuna ematea da; teknikaren, bizi-kalitatearen, pazientearen esperientziaren eta osasun-sistemaren iraunkortasunaren ikuspegitik eman ere.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) duten pazienteentzako Arreta Integraleko Unitateari kalitate-ziurtagiria berritu dio Crohn-en Gaixotasunaren eta Kolitis Ultzeradunaren Espainiako Lantaldeak (GETECCU). Aintzatespen horren bidez, HGIa duten pazienteentzako Arreta Integraleko Unitatearen bikaintasuna aitortzen da. Horrek osasun-zentroa ospitale erreferente bihurtzen du eta Unitatearen asistentziaren eta ikerketaren arloetako kalitatea aitortzen ditu.

GETECCUk garatu eta bultzatu du HGIa duten pazienteentzako Arreta Integraleko Unitateen Ziurtapen Programa proiektua. Bureau Veritas-ek auditatzen du programa hori, hirugarren alderdi independente gisa, eta AbbVie biofarmazeutikak babesten du.

Gaixotasun hori duten pazienteentzako asistentzia-prestazio onena ziurtatzen duten herrialdeko HGI unitateak aintzatestea du helburu. Unitate horiek HGIren arretan egiten duten lanari Espainian ematen zaion aintzatespen handientzat jotzen da; izan ere, eskualde eta nazioarte mailetan erreferente bihurtzen ditu.

GETECCUko presidente Manuel Barreiro doktoreak honako hau azaldu du: «GETECCUko kideok HGIa duten pazienteen asistentziaren kalitatea etengabe hobetzearekin konprometituta gaude. Ziurtapen programa (CUE) honi esker, prozedurak modu sistematizatuan berrikus ditzakegu, adierazleak neurtu eta hobetzeko planak ezarri, HGIa duten pazienteei arreta integrala ematen dieten unitateen kalitatean eta asistentzian bikaintasuna lortzeko».

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko HGI Unitateko arduradun Olga Merino doktoreak honako hau adierazi du: «Ziurtapena berritzeak HGIa duten pazienteei arreta homogeneoa eta bikaina ematen diegula bermatzen duen aitorpena lortzea eta nabarmentzea esan nahi du. Gure erakundea kudeaketa kliniko ona egitearekin konprometituta dagoela frogatzen du».

Unitate horren helburu orokorra honako hau da: «Artatzen ditugun pertsonei osasuna ematea, teknikaren, bizi-kalitatearen, pazientearen esperientziaren eta osasun-sistemaren iraunkortasunaren ikuspegitik». Baina, gainera, helburu zehatz batzuk finkatzen dira, Olga Merino doktoreak adierazi duen bezala: «Diziplina anitzeko talde horizontalizatuetan lan egiteko modua aldatu nahi dugu, pazientea ardatz bihurtu, hitza emanez, unitatea kudeatzen lagundu diezagun, eta ahaldunduz, Balioan Oinarritutako Medikuntza ezarri eta gure lan egiteko moduaren kultura aldatu, paziente horiei arreta emateko prozesuan digitalizazioa bultzatu eta osasun-sistemen eraldaketaren palankaren ebidentzia gero eta argiagoa izaten lagundu, Balioan oinarritutako Osasun Digitala bultzatuz».

HGIari buruz

Hesteetako gaixotasun inflamatorioa nahasmendu inflamatorio sorta bat da eta bi gaixotasun barne hartzen ditu: batetik, Crohn-en gaixotasuna; bestetik, berriz, kolitis ultzeraduna. Patologia horren iturburua ezezaguna da, baina immunologiarekin lotuta dago, eta askotariko sintomak ditu: beherakoa edo abdomeneko mina, besteak beste. Batzuetan kirurgia eskatzen du eta pazienteengan ezintasunak sor ditzake.

Gaixotasuna garatu ahala, konplikazioak sor daitezke, bai hesteetakoak (hesteak okluitzea, nutrizio-eskasiak, etab.) bai hesteetatik kanpokoak (dermatologikoak, erreumatologikoak, begietakoak eta gibel-behazunekoak, besteren artean). Gaixotasunaren sintomen agerpena aurreikusi ezina da; batzuetan arindu egiten dira, beste batzuetan agerraldiak izaten dira, eta, kasu askotan, ospitaleratzea eta ebakuntza kirurgikoak egitea eskatzen dute. Gaixotasunaren kronikotasunak, aldizkako kontrolek, tratamendu farmakologiko etengabeak eta miaketa endoskopikoen edo ebakuntza kirurgikoen behar posibleak eragin handia dute pazientearen familia-, lan- eta gizarte-bizitzan, eta hark osasunaz duen ikuspegia eta bere bizi-kalitatea nabarmen baldintzatzen dituzte.

Noticia anteriorGaueko checking-a erorikoak ekiditeko
Noticia siguienteTumore pediatriko oso arraroak diagnostikatzeko eta tratatzeko jarraibideei buruzko gomendioak jasotzen dituzten nazioarteko gidaliburuen lanketan partaidetza