ESIko profesionalek garatzen dituzten berrikuntza-proiektuak aurkezteko Izpiak jardunaldiaren beste saio bat egin da gaur goizean. Oraingoan, erizainek hartu dute parte saioan eta errealitate birtualaren erabilerari lotutako hainbat proiektuetatik lortutako esperientziak izan dituzte hizpide. Zehazki, antsietatea eta mina murrizteko garatu dira proiektu horiek, bai eta ematen den arreta humanizatzeko ere, helduen eremuetan zein pediatriakoetan.
Idoia Herrero Montiagak, Ospitalizazioko gainbegiraleak, 4. E-n Fair Saturday fundazioarekin batera pilotatu den proiektua azaldu du: ospitaleratuta dauden pazienteei esperientzia murgiltzailea eskaini zaie 360 graduko kontzertu birtualen bidez; helburua zen estresa eta antsietatea murriztea transplantea izan duten pazienteak eta haurdunaldi patologikoak artatzen diren solairuan.
Bestalde, Garbiñe Pérez Llarena Pediatriako Larrialdietako erizain klinikoak eta Maddy Álvarez del Rey nahiz Sandra Vela Durban barne-erizain egoiliarrek azaldu dute Pediatriako pazienteekin errealitate birtuala erabiltzeak dakarren eragin positiboa, bat etorriz BPSOk ezarritako gomendioekin, zeinen arabera estrategia farmakologikoak nahiz ez-farmakologikoak eskaini behar baitira mina maneiatzeko. Ildo horretatik, Pediatriako bi erizain egoiliarrek bibliografia aztertu dute errealitate birtualari buruz argitaratu diren askotariko esperientziak ezagutzeko. Zehazki, proiektu bat jarri da gaur martxan haurrei odola ateratzean errealitate birtuala erabiltzen hasi daitezen, odola ateratzeko unean txikienen beldurra eta antsietatea murrizteko beste tresna bat baita.
Azkenik, Zohartze Larizgoitia Elejalde Zauri Konplexuen Praktika Aurreratuko erizainak aurkeztu du zauri konplexuen tratamendurako hasi duten azterketa-proposamena. Azterketa horren bitartez, paziente helduei sendaketak egin bitartean sentitzen duten mina ebaluatuko da, lesioaren bilakaera miatuko da, pazientearen esperientzia aztertuko da, eta teknologia hori erabiltzeak duen eragin ekonomikoa baloratuko da.



