Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko dugu. Aurtengo leloa “Gure lurrak. Gure etorkizuna” izango da, eta horren bidez erdigunean jarriko dira lurren leheneratzea, desertifikazioaren aurkako borroka eta lehortearekiko erresilientzia.
ESIan ondo dakigu zein garrantzitsua den gure jardueraren bidez giza garapen jasangarrirako erronka orokorra lortzen laguntzea. Ildo horretatik, gure erakundean hainbat ekintza egiten dira urtean zehar ingurumenean sortzen dugun inpaktua murrizte aldera.
Horiek horrela, azken urtean zenbait proiektu jarri dira martxan:
- Anatomia Patologikoko Zerbitzuan ura tratatzeko instalazio berri bat jartzea; horren bidez, botilako ura ez kontsumitzea bultzatuko da eta, hala, saihestuko da ontzi horiek fabrikatzea (urtean 273 kg plastikoren baliokidea da urtean 955 kgCO2-ko isuria).
- Urte-hasieran, ospitaleko ebakuntza-gela guztietan gas anestesikoak atxikitzeko proiektua hedatzen amaitu da eta aurreikusi da, kontsumitutako anestesiko-kopurua aintzat hartuta, ospitaleko zuzeneko isuriak urtean 172 t CO2 murriztea.
- Biokimika Zerbitzuko erreaktiboetan erabiltzen diren tapoiak Kalkulatu da urtean 18.000 tapoi baino gehiago erabiltzen direla; hortaz, horiek birziklatuz gero urtean 33 kg CO2-ko isuria ekidingo da.
Tapoiak birziklatzeko proiektuari dagokionez, ospitaleratutako umeek apaindu dituzte edukiontziak, ospitale-eskolako tailer batean, eta tapoiak erabiliz era originalean identifikatu dute birziklapenerako erabiliko den edukiontzia.
Erabilitako logistika maskaren proiektuko berbera da. Pirolisi-prozesua egiten da tapoiekin eta, horren bidez, erregai sintetikoa edo “galbota” lortu daiteke, berriro plastikoa fabrikatzeko. Martxan jarri zenetik, aurreko hilabetean 1.500 tapoi baino gehiago birziklatu ziren.
Menu ekologikoa
Aurreko urteetan bezala, ekainaren 5ean ospitaleko sukaldeak menu ekologiko bat prestatuko du ospitaleratuta dauden 850 pazienteentzat, gure inguruko ekoizleen produktu ekologiko eta naturalak erabiliz. Sukalde Zerbitzuak, Dietetika Zerbitzuaren laguntzarekin, lan eskerga egin du paziente guztiei, beraien patologia eta dieta gorabehera, menu ekologiko bat eskaini ahal izateko egun horretan, bai osagai nagusiei (haragia, arraina, etab.) bai osagai xumeenei dagokienez (gatza —Gesaltza Añanak dohaintzan emana—, azukrea, olioa, etab.).



