Osasun Sailaren Bottom-Up proiektuak pazienteei ematen zaien laguntza hobetu ahal izateko esperientziak garatzeko sortu ziren, horrelakoak Osakidetzako osasun-erakunde guztietan jardunbide egoki gisa ezar zitezen.

Berritzea pertsona eta lantalde guztien kontua dela sinetsita, berrikuntza aurrerantzean ere ezartzeko erronka handia du erakundeak, eta guztion parte-hartzea eta ekarpena erraztu behar ditu diziplina anitzeko ikuspegiarekin, lanbide guztietako kolektiboei zabalik egon dadin.

Berrikuntza-batzordeak zortzi proiektu aztertu eta igorri ditu Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzara, eta aurkeztutako proiektu guztiak onartu ditu horrek. Honako hauek dira otsailetik gure ESIan abian dauden zortzi proiektuak:

Tratamendu antikoagulatzailea ESIan. Proiektu horretan ESIko hainbat zerbitzuk eta unitatek parte hartzen dute: Neurologia, Larrialdiak, Hematologia, Lehen Mailako Arreta, Etxeko Ospitalizazioa, BioCruces, Berrikuntza eta Kalitate Unitatea eta Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza.

Langileek Lehen Mailako Arretan, Hematologia eta Larrialdietan zein Hematologian indarrean diren antikoagulazio-protokoloak zer mailatan ezagutzen dituzten jakitea eta hobetzen saiatzea da helburu nagusia. Gainera, proiektu horren bidez esku hartzen duten zerbitzuen/arloen arteko komunikazioa hobetzea ere bilatzen du proiektuak. Hala bada, hainbat bide finkatzen ditu pazienteen erabilera optimizatzeko, ardura duten sendagileei erabakiak hartzen laguntzeko eta lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko integrazioa errazteko. Horrez gain, hobetu beharreko arloak antzemateko eta neurri egokiak hartzeko bideak ere ezartzen ditu, ESIan antikoagulatzaileen erabilera egokia sistematizatuz pazientearen segurtasuna hobetzearren.

Esku hartzeko programa baten eragina ebaluatzea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean KARBAPENEMEN erabilera gutxiagotzeko. ESIko hainbat zerbitzuk eta unitatek parte hartzen dute proiektuan: Gaixotasun Infekzioetako Unitatea, Zainketa Intentsiboetako Unitatea, Anestesia eta Bizkortzea, Hematologia, Etxeko Ospitalizazioa, Pediatria, Farmazia, Mikrobiologia, Prebentzioko Medikuntza, Zuzendaritza Ekonomikoa eta Kalitate Unitatea.

Karbapenema (imipenema, meropenema eta ertapenema) bidezko tratamenduaren iraupenean esku hartzeak zer eragin duen aztertzea da proiektuaren helburua, horrelakoak aginduta dituzten pazienteengan.

Medikazioa bateratzea farmazia komunitarioarekin elkarlanean: proiektu pilotua Ortuellako LMAUn. Ortuellako LMAUk, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak eta OSAREANek (Osasun Aholkua) parte hartzen dute proiektu honetan.

Trantsizio asistentzialen ondoriozko medikazio-erroreak murriztea du helburutzat proiektu horrek; medikazioa bateratzen du, horretarako, Ortuellako farmazia komunitarioen eta Ortuellako LMAUko osasun-arloko profesionalen artean koordinaturik.

Ospitalea utzi baino lehen, argitu zalantza guztiak (Zalantzarik ez). Berrikuntza Unitateak eta Digestio eta Neurokirurgiako zerbitzuek parte hartzen dute proiektuan. Proiektuaren bitartez altaren osteko komunikazio-eredu bat diseinatu eta ezartzea proposatzen da (jarraibideak, estiloa, errituak zein euskarri-agiriak barnean hartuta), pazienteak eta profesionalak altaren momentuan aktibatzen laguntzeko, era horretan pazienteek eta laguntzaileek hobeto uler dezaten, eta, bide batez, laguntzaren jarraitutasuna hobetuz.

Hospital Acquired Conditions (HAC) aztertzea ospitaleko egonaldian prebenitzekoak diren kalteak kontrolatzeko tresna gisa. Artxibo eta Dokumentazio Klinikoko Zerbitzuak eta Kalitate Unitateak parte hartzen dute proiektuan.

Proiektuaren helburua da HAC deritzonen ezaugarriak ezagutzea (Hospital Acquired Condition – pazienteek ospitalean sartu aurretik ez zituzten baina egonaldian zehar garatu dituzten gaixotasunak, beren segurtasunean eragiten dutenak eta, egungo ebidentzia oinarri hartuta, neurri handi batean prebenitu daitezkeenak), Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean HACak gutxiagotzeko programa bat ezartzeko baliagarriak diren aztertzeko.

Pazientearen segurtasuna farmakoak eman bitartean: etenaldirik ez medikazio-txandan. Barne-medikuntzako zerbitzuak parte hartzen du proiektuan. Erizaintzako langileak medikazioa prestatu eta ematen duten bitartean etenaldiak saihesteko protokoloa ezartzea da proiektuaren helburua; izan ere, ikerketa batzuen arabera, erizaina zeregin horietan ari denean eteten duten bakoitzean, % 13 handitzen da akatsak egiteko arriskua.

Osasuneko Lehen Mailako Arretan II motako diabetes mellitusaren (DM2) lehen mailako prebentzioko zainketa klinikoak optimizatzea (PREDIAPS). Honako hauek parte hartzen dute proiektuan: Bizkaiko Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatea, Endokrinologia Zerbitzua, ESIko Berrikuntza Unitatea, Zallako Osasun Zentroa, Sodupeko Osasun Zentroa eta Castañoseko Osasun Zentroa.

Lehen Mailako Arretako zentroen eguneroko laguntza-jardunean DM2ren lehen mailako prebentzioa optimizatzea du helburutzat, eta gaur egun gomendatutako esku-hartze klinikoa modu egingarri eta jasangarri batez integratzen du horretarako: arrisku-baheketa, ohituren gaineko esku-hartzea eta jarraipena.

Tratamendu kronikoa 75 urtetik gorako paziente polimedikatuengan berrikusteko proiektua: proiektu pilotua Zallako LMAUn. Proiektuan Zallako LMAUk parte hartzen du, eta pazientearen segurtasuna hobetzea du helburutzat; hala bada, bost sendagai edo gehiago dituzten 75 urtetik gorako pazienteengan medikazio kronikoaren aldizkako berrikuspen egituratua egiteko proiektua abian jarri du horretarako, segurtasun-arazoak eman litzaketen sendagaiak edo sendagai taldeak antzeman ahal izateko.