Erizaintzako Zuzendaritzaren egitekoa da zainketetako bikaintasunarekin konprometitutako zentro bat izatea. Bide horretan, RNAO elkarteak (Registered Nurses Association of Ontario) egindako praktika klinikoko gidak ezartzen ditu, bikaintasunarekin konprometitutako zentroen metodologiaren bidez (Best Practice Spotlight Organization-BPSO). Metodologia hori jada zabalduta dago Osakidetzako beste erakunde batzuetan, bai eta estatuko zein nazioarteko hainbat erakundetan ere. Horrek benchmarkingerako eta etengabeko hobekuntzarako aukera ematen digu.

Proiektu honekin, zainketen ebidentzian oinarritutako lan-kultura bat sortu nahi da eta, horrela, aldakortasuna gutxitu. Horretarako, ezinbestekoa da prozedurak eguneratzea eta emaitzak ebaluatzeko etengabeko jardunak eranstea, betiere talde-lanean.

  • Lehen fasean, hiru gida ezarri dira ospitaleko hiru eremutan: Presio-ultzeren balorazioa eta prebentzioa (ZIU, 5. A zainketa kardiologiko kritikoak, 3. A traumatologia eta kirurgia plastikoa).
    • Minaren balorazioa eta kontrola (erreanimazioa, PIK eta 3. B balioaniztun baskularra).
    • Sarbide baskularren zainketak eta mantentze-lanak, konplikazioak murrizteko (1. B digestiboa, 4. E kirurgia).

Era berean, hainbat ekintza egin dira: buruei, gainbegiraleei, zerbitzuburuei, langileei eta interes-taldeei informazioa eman zaie, gida bakoitzaren erreferente diren langileak identifikatu dira eta prestakuntza-lantegi bat antolatu da bultzatzaileen rola sustatzeko, hau da, proiektua aurrera eramateaz arduratuko diren pertsonak prestatzeko (45 lagunek hartu dute parte).

RNAO elkarteak (Registered Nurses Association of Ontario) gidak ezartzeko diseinatu duen metodologia eskuragarri dagoen ebidentziarik onenean oinarritzen da, 2012an argitaratu eta berrikusitako gidaliburu batekin. Hor, ebidentzian oinarritutako gomendio espezifikoak jasotzen dira, ezarpen-prozesuaren fase bakoitzerako («Praktika egokiak ezartzeko tresna»). Metodologia hori erabiltzen du Joanna Briggs Institutuak (JBI), eta ezarpena, Espainian, INVESTEN-ISCIII erakundeak koordinatzen du.