Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erreumatologia Pediatrikoko Unitateak gaztaroko artritis idiopatikoari (GAI) buruzko informazio-triptiko bat eta gida labur bat egin ditu Berritzegune Nagusiko (prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko Hezkuntza Sailaren zentroa) hezkuntzako aholkulariekin eta terapeuta okupazionalekin batera. Material honekin, gaztaroko artritis idiopatikoari buruzko informazioa, aholku orokorrak eta ikasleen inklusioa eta parte-hartzea erraztuko duten ariketak eman nahi zaizkie hezkuntzako profesionalei.

Gaixotasun erreumatikoak nagusiki helduaroarekin lotzen badira ere, edozein adinetan has daitezke. Estimatzen da 1.000 haurretik batek edo bik izango duela gaixotasun erreumatiko bat, eta gaztaroko artritis idiopatikoa da ohikoena. Alde horretatik, garrantzitsua da gaztaroko artritis idiopatikoaren diagnostiko eta tratamendu goiztiarra, etorkizuneko desgaitasunak saihesten baititu.

Gaztaroko artritis idiopatikoari modu integralean ekiterakoan, funtsezkoa da ikastetxeekin batera lan egitea, gaztaroko artritis idiopatikoa duten ikasleek zenbait egokitzapen eska baititzakete, aldi baterako edo betirako, gelan eta eskolako kirolean integratzeko. Horregatik, material hau elkarrekin egitea urrats garrantzitsua izan da gaixotasun horri modu zeharka heltzeko. Familiek eta pazienteek adierazitako beharrei erantzuteko sortu dute, hain zuzen, gaixotasunak haien eguneroko bizitzan eta, zehazki, hezkuntzaren esparruan ulertzeko eta izan dezakeen eragina ezagutzeko beharrari erantzuteko.

Triptikoa eta gida laburra Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIren webgunean daude eskuragarri (http://bit.ly/2iJ5kdh), bai eta Hezkuntza Sailaren web-orrian ere. Gainera, aurreikusita dago Berritzegune Nagusiak dokumentazio hori zabaltzea Berritzegune Zonalekin koordinatzeko duen foroetan: hezkuntza-premia berezien aholkularitzak, etapa-aholkularitzak, terapeuta okupazionalak, fisioterapeutak, hala nola hezkuntza-berrikuntzako lurraldeburutzekin eta hezkuntza-berrikuntzako teknikoak. Berritzegune Zonalek, aldi berean, EAEko ikastetxeetako profesionalei hedatuko diete dokumentazioa. Materiala eskura egongo da, halaber, Erreumatologia Pediatrikoko Unitatearen eta gaztaroko artritis idiopatikoa duten pazienteen EAEko elkartearen bidez (aijeuskadi@gmail.com).

Nota de Prensa

Noticia anteriorPazienteei alta emateko prozesua hobetzeko proiektua
Noticia siguiente3D teknologia medikuntzaren zerbitzura