Euskadiko Endokrinologia, Diabetes eta Nutrizioko Elkartearen XXVII. Biltzarrean komunikazio onenaren saria jaso du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuko langileek egindako komunikazio honek: 1 motako diabetesa duten pertsonen kasuan hipogluzemia iragartzen duten faktoreak eta erizaintza-jardunean duten garrantzia.

Saida Huerga Gonzálezek zuzendu du lana eta hauek izan dira parte-hartzaileak: Leire Sainz Maza Vallejo, Amaia Hidalgo Murillo, Virginia Agudo Endemaño, Lucía Gortazar de la Rica, Virginia Urquijo Mateos, Elsa Fernández Rubio eta Luis Antonio Castaño González.

Azterlanean aztergai izan dira 1 motako diabetesa duten pertsonek hipogluzemia izateko arriskua areagotzen duten faktoreak; ohiko konplikazioa da, larria izan daitekeena, zeinak eragina baitu bai pazienteen ongizatean, bai intsulina bidezko tratamenduen segurtasunean. Hizpide dugun lanak oinarritzat hartu du 1 motako diabetesa duten 326 pertsonarekin Gurutzetan egin zen behaketazko azterlana. Datu klinikoak, demografikoak eta terapeutikoak aztertu ziren, bai eta aurreko bi asteetan glukosaren etengabeko monitorizazioari buruzko informazioa ere.

Erizaintzaren ikuspegitik, azterlanak ahalbidetzen du zaurgarritasun handiagoko profilak identifikatzea, bai eta esku-hartze hezigarriak hobeto bideratzea ere; hala, sendotuko dira gaixotasuna modu seguruagoan maneiatzen laguntzen duten ohiturak eta gaitasunak.

Biltzarrean lortutako aintzatespenak nabarmentzen du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak apustu sendoa egiten duela asistentzia-jardunaren etengabeko hobekuntzan, berrikuntzan eta ebidentzian oinarritutako arretaren alde, bereziki gai sentikorrei dagokienez, hala nola 1 motako diabetesaren maneiua.

Noticia anteriorBatxilergoko 150 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute Ospitaleko zerbitzu eta unitateen bisita gidatuetan
Noticia siguienteOsakidetzak endometriosia duten emakumeei ematen zaien arreta indartzen du, Euskadi osorako erreferentziazko unitate baten bidez Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean kasu konplexuetarako