ESIaren Zuzendaritzak 2021eko emaitzen balorazioa egin du, eta 2022rako kudeaketa-plana aurkeztu du.

2021a, horren aurrekoa bezala, pandemiak markatutako urte bat izan da; estra bat izan da kasuen diagnostiko eta jarraipenari dagokienez, nagusiki Lehen Mailako Arretan, baina baita ospitalizazioan ere, behar izan diren ingresuekin. 2021ean, dedikazio berezia eskaini zaie diagnostikoari, tratamenduari eta txertaketari; azken hori, bada, erronka logistiko bat izan da ekonomiaren, zerbitzu orokorren eta erizaintzaren arloetarako. Izan ere, txertaketa masiborako zentroa abian jarri zen BECen hiru erakunderentzako, eta milioi erdi dosi baino gehiago eman dira bertan.

Baina, pandemia gorabehera, ESIak zenbait proiektu garatzen jarraitu du; tartean, eutanasiarako eskubidea baliatzeko aukera ematea eta balioan oinarritutako medikuntza hedatzea patologia gehiagotara (belauna, parkinsona eta artritis erreumatoidea). Gainera, zortzi milioi euro baino gehiago exekutatu dira ekipamendu eta tresna kirurgikoetan, eta bi milioi euro baino gehiago azpiegituretako inbertsioen planean.

Horrez gain, pazientearen esperientzia aintzat hartzeko tresnak berraktibatu dira; barruko eta kanpoko komunikazio-plana garatu da; dokumentu-kudeatzaile bat ezarri da (Dokubide), ESIko profesionalek protokolo kliniko baten azken bertsioa eskuratu ahal izan dezaten; eta, gainera, BPSO gidak hedatu dira, ebidentzian eta ebaluazioan oinarritutako jarduketaren adibide bat.

Ildo horretan eta 2022ari begira, ESIak hiru oinarriren alde egiten jarraituko du:

  • Balioa lan asistentzialean. Balioa ematen dugu egiten duguna neurtzen dugunean eta gure buruak konparatzen ditugunean, prozesu asistentziala murrizten dugunean eta zientzia-elkarte askok aholkatzen ez dituzten probak eta miaketak egiteari uzten diogunean.
  • Arreta integratua, prozedurak adosten ditugunean eta ez ditugunean probak maila asistentzial ezberdinetan errepikatzen, aurrez aurrekoa ez den bide batetik komunikatzen garenean eta pazienteari mezu berbera helarazten diogunean –horrela ez du behin eta berriro egiaztatu behar zein den erantzun egokia–.
  • Espezializazio handia. ESIak ospitale tertziario bat du, zenbait prozesu asistentzialetan erreferentea dena, baina, gainera, ospitaleak azken geldialdia izan behar du; beste zentro batzuetan kontua konplikatzen denean, guk erantzun behar dugu, gaitasuna, esperientzia eta bitartekoak ditugu eta.

ESIak erakunde sanitario on bat izan nahi du, kudeaketa efizientea egin nahi du, emaitza onak lortu nahi ditu, profesional asebeteak izan nahi ditu, artatzen dituen pertsonen segurtasuna bermatu nahi du, eta pertsona horiek esperientzia ona izan dezatela lortu. Horregatik guztiagatik, arinak eta erabakitzaileak izan behar dugu, eta erantzun egokiak eman.

Hori horrela, Urteko Kudeaketa Plan bat hedatu da eta, bertan, ESIaren helburu estrategikoak oinarri hartuta garatuko diren proiektuak zehaztu dira. Dokumentu osoa ESIaren intranetean kontsulta daiteke, menu honetan: Nor gara / Plangintza eta kudeaketa / Urteko Kudeaketa Plana.