Arantza Altunak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko garbiketako arduradunak, komunikazio onenaren saria lortu du Ospitale Ostalaritzako Estatu Kongresuan (Ospitaleko Ostalaritzako Espainiako Elkarteak antolatu du).

«Garbitasuna egiaztatzeko plana: garbitzea, aztarnarik utzi gabe» du izena lan irabazleak. Plan bat sortu beharra zegoen kontrolak modu sistematiko eta planifikatuan ezartzeko, ebaluazio-metodologia konplexuagoak, objektiboagoak eta egiazkoagoak erabilita. Metodologia horiek infekzioak kontrolatzeko eta prebenitzeko estrategia sendotzen lagundu behar dute laguntza-zerbitzu orokor batean, eta Prebentzio Medikuntzaren ebaluazio-protokoloen osagarri izan behar dira.

Planaren helburuak dira, batetik, garbiketa arrisku-eremuen arabera ezarritako protokoloen arabera egiten dela egiaztatzea. Eta, bestetik, pazienteak gehien ukitzen dituen gainazalak –horietan aukera handiagoa dago mikroorganismoak ugaritzeko– behar bezala garbitzen direla egiaztatzea teknika ez-subjektiboak erabiliz.

Hiru kontrol-mota ezartzen ditu planak:

  • Markatzaile fluoreszente bidezko kontrolak.
  • Protokoloak betetzeko kontrolak.
  • Ikusizko kontrola.

Plana 2023ko apiriletik irailera ospitale-ingurunean aplikatu ondoren, ondoriozta daiteke ebaluazio-metodo tekniko eta objektiboa dela eta aztertutako aldian zerbitzuak duen kalitatea deskribatzen duela. Gainera, plana garatzen den bitartean, hobekuntza-ekintzak eta antzemandako desbideratzeak zuzentzeko neurriak ezartzen dira eta etengabe ebaluatzen dira garbiketa-eraginkortasunaren adierazleari esker; beraz, zerbitzuaren praktika hobetzen da. Azkenik, planaren irismena ospitale-eremua da, baina osasun-zentroetara zabal daiteke. Azken batean, garbiketaren eta desinfekzioaren emaitzak hobetu nahi dituen edozein osasun-erakundetara transferi daiteke.

Noticia anteriorHeldu kritikoen eremuko eskuen higieneari buruzko tailer praktikoak
Noticia siguienteOrdenagailuz lagundutako belauneko berrikusketa-kirurgiaren lehen jardunaldia antolatu du Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak