Bart jakin zen zein diren Best in Class 2017 sarien irabazleak, Sevillan egindako ekitaldi batean. Sarion helburua da publikoki aitorpena egitea pazienteei eskainitako arretan bikaintasuna lortu nahi duten estatuko Lehen Mailako Arretako zentrorik onenari, ospitale onenari eta zerbitzu eta unitate onenei, publikoak zein pribatuak.

Aurten, hirugarren urtez jarraian, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak jaso du Pediatria Zerbitzu onenaren saria. Sari-banaketan izan dira Pediatria Zerbitzuko buru Itziar Astigarraga doktorea, PZIUko erizain kliniko Miren Gotzone Zabala eta 5. Dko erizain Maria Begoña Montecelo. Astigarraga doktoreak jaso du saria, «haurren eta nerabeen zainketaz arduratzen den lantalde bikainaren» izenean.

Contenidos e Información de Salud argitaletxearen Gaceta Médica argitalpenak eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Osasun Berrikuntza eta Kudeaketako Katedrak sustatzen dituzte Best in Class sariak, elkarlanean. XII. edizioa izan den honetan 33 sari eman dituzte, PAKI indizea kontuan hartuta (Pazientearen Asistentzia Kalitatearen Indizea, Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Osasun Berrikuntza eta Kudeaketako Katedrak egina), indize horren arabera zehazten baita zein diren estatuan pazientearen asistentziari kalitate-ekarpen handiena egiten dioten zentrorik onenak, baita beste zazpi sari berezi ere.

PAKI indizeak, besteak beste, honako arlo hauetan lortutako emaitza kuantitatibo eta kualitatiboak hartzen ditu kontuan: arreta-zerbitzuak, irisgarritasuna, zerbitzu-zorroa, bezeroen gogobetetzea, interesdunei emandako informazioa eta lortutako aitortzak.

Noticia anteriorMartxan dira ospitalean Esne Bankuko harrera-gunea eta erizaintzako kontsulta
Noticia siguienteBaraila-distonietarako gida egokitua