Generoa eta Osasuna taldearen artikulua. Atzean geratu dira dagoeneko GABONAK; letra larriz, bai, ez baitira huskeria.
Urtero astinaldi emozional bera. Ustez neguarekin batera heltzen da Gabonetako xarma, eta giro horretan murgilduta gaudenean espero da goizez zein arratsaldez irribarre egitea; hala ere, horrek bonba itzela dakar berekin: urteko balantzea egiteko presioa. Orduantxe konturatzen gara bete gabeko helburuez, ustez zoriontsu egingo gaituen hori lortzeko atzera-kontaketaz eta pilatutako porrotez, eta urtarrila heltzean beste aukera bat izango dugulakoan gaude, azkenean aurreko urteko egoera berean amaituko badugu ere.
2025ari buruz aritzean gai ugari izan ditzakegu hizpide, besteak beste: bikotekideek egindako 47 emakumeren erailketa ofizialak; indarkeria bikarioa jasan duten hiru adingabeak; zaintzen eta pobreziaren feminizazioa; emakumeak merkaturatzen dituzten webguneak; sexu-artikulu gisa haurtxoen itxura duten panpinak saltzen dituzten merkataritza-enpresa handiak; edozeinen erabilera eta gozamenerako baimen barik bikotekide, lagun edo senideen argazkiak trukatzen dituzten erabiltzaile ugarik osatutako taldeen presentzia askotariko aplikaziotan, haurdunaldiko esplotazioa eta beste hainbat kontu. Baten batek zioen moduan, mundutik jaitsi nahi dut, besterik ez.
Nire Gabonetako gatazka zera izan da: nire seme-alaben xalotasunari eustea Mari Domingiren existentziaren gaineko liskarretan. Olentzero eta Mari Domingiren gaia ateratzen den bakoitzean, sinesgogortasuna eragin ohi du folklorean emakumezko pertsonaia egoteak. Asmakizuna dela (bestea izango ez balitz bezala), ez dagoela beharrizanik, erokeriak soilik Olentzerorekin funtzionatzen zuela jada… Bada, batek jakin zergatik den, enpatia, erreferenteen beharra, proiekzioa edo dena delakoa, baina nire alabari eta beste neskato askori izugarri gustatzen zaie. Eta kide askok ere esan didate eztabaida bera dutela urtero. Ostera, nire ustez eztabaidagai izan beharko lirateke bai berari egokitu zaion rola, bai pertsonaia sortzeko arrazoiaren atzean dagoen historia.
Hala, gai garrantzitsuetatik aldendutako errealitate horretatik utzi nion nire baikortasunari bidea zabaltzen eta 2020. urteari harrera egitean neuzkan inozentzia eta itxaropen berekin heldu nion urte berriari. Alabaina, egun gutxi zituen 2026ak Trumpek Venezuela inbaditu zuenean, nazioarteko zuzenbideari jaramonik egin barik. Indarra hizkuntzatzat eta botere ekonomiko nahiz politikoa baliotzat hartuta, altxorra lortzea da du xede. Beste batzuek diotenez, bere asmorik handiena zen isilean gordetzea bertako barne-krisiak eta, bide batez, Epstein pedofiloarekin duen harremana ezkutatzeko estrategiari eustea.
Munduko ikuspegi horrek Simone de Beauvoiren ohartarazpen bat ekarri dit gogora: «Politika-, ekonomia- edo erlijio-krisi bat besterik ez da behar izango emakumeon eskubideak zalantzan jartzeko». Uste dut alderdi guzti horien krisia iristear dagoela. Emakumeok ordaintzen dugun prezioa askatasuna da. Gure eskubideak borrokatzen lortu genituen eta halaxe mantentzen ditugu, ez daude finkatuta, ezta gutxiago ere.
Beldurra gure bizitzen parte ez izatea eta hurrengo Gabonak zoriontsuak izatea nahi dut.



