Genero eta Osasun taldearen artikulua
Osakidetzako langilea eta erabiltzailea naiz. Gogoeta bat partekatu nahi dut, denbora baitaramat horri bueltak ematen. Zehazki, nire prestakuntzak, asistentzia-lanak eta nire bizitzako une garrantzitsuenek bat egin duten lekuan: erditzeko eremuan.
Leku honetara hiru une oso ezberdinetan joan naiz. Lehen aldia erizaintzako ikasle gisa izan zen. Dei bat jaso nuen praktikak egiten ari nintzen solairuan, eta bigarren erditzeko gelara korrika joatea eskaini zidaten, erditzea ikusteko. Geroago ikusi nituenak baino zirrara gutxiagokoa eta aseptikoagoa izan zen.
Bigarren aldian, denbora luzez joan nintzen txanda bakoitzean gure ospitaleko sotora; han, emakumeek eta beren familiek prestakuntza jasotzen utzi zidaten, eta, ondoren, haiekin taldean lan egiten. Emakumearen baimena nuen eta denborarekin, bere konfiantza, erditzen laguntzeko eta haurraren jaiotzan egoteko. Bizi-une hori erabakigarria da, inflexio-puntu bat da: haurdunaldiaren etapa ixten du eta hazkuntzari ongietorria ematen dio. Gertaeraren parte izan nintzen, modu tangentzialean, egia da, baina beti sentitu nuen emakumearekiko, haurrarekiko, familiarekiko eta erditze-prozesuarekiko esker ona eta errespetu sakona.
Hirugarren aldia erabiltzaile gisa iritsi zen, eta ordurako barneratuta neukan aurretik bizitakoa, Nire bi txikitxoak leku horretan bertan izan ditut, zehazki hamabigarren eta hamahirugarren dilatazioetan. Gustura esango nuke ez dudala inoiz ahaztuko, baina bai, une zehatzak ahaztu ditut, mina ahaztu dut, larritasuna eta beldurra ahaztu ditut. Eta nire buruak oroitzapena modu atsegin eta polit batean egokitu ahal izan du, errespetuz, maitasunez eta profesionaltasunez tratatu nindutelako. Eta badakit ez nuela lehentasunezko traturik jaso, urte askotan ikusi baititut lanean.
Testuingurua ulertuta, mesedez, lagun iezadazue hausnarketan.
Alaba edo seme baten jaiotza oso garrantzitsua da edozein emakumeren eta familiaren bizitzan. Arrastoa uzten duen inpaktua sortzen du. Eta prozesuaren emaitzak eragin zuzena izango du emakumearen osasun fisiko, mental eta sexualean, eta, ondorioz, baita bikotekidearengan ere. Osasunaren Mundu Erakundeak erditze positibo baterako erditzean izan beharreko zainketak jaso zituen argitalpen batean, eta bertan honako hauek nabarmendu zituen: amatasunarekiko errespetuzko arreta, duintasuna, konfidentzialtasuna eta pribatutasuna. Ildo beretik, Osasun Ministerioaren erditze arrunterako gidak intimitate-giroa gomendatzen du: “ate itxiak, soilik behar diren langileak, isiltasuna, lasaitasuna, gela espazio pertsonal eta pribatutzat jo dadin”. Intimitatea babesteko eskubidea balio gorena da asistentzia sanitarioan oro har, eta emakumeen dilatazioan eta erditzean berebiziko garrantzia hartzen duelakoan nago, emozioa, gorputza, genitalak eta kalteberetasuna barne hartzen baititu.
Erditze batera joateak, kontatzen nizuen lehen aldi hartan, ez zuen baldintzatu nire ondorengo espezializazioa, emagin gisa.Aseptiko hitza aipatu dut horixe sentitu nuelako. Prozesu natural bat ikustera joan nintzen, bai, baina arretatik eta laguntzatik desnaturalizatuta eta inplikatutako pertsonak kontuan hartu gabe gertatu zen. Emakume hark eta biok ez genuen harreman asistentzialik, eta bere intimitatea asaldatu zuen sarkin bat izango nintzen berarentzat. Neure buruari galdetzen diot zer eragin izan zuen emakume harengan ikasleak, edozein arlotakoak, bere bizitzako unerik ahulenean eta garrantzitsuenean onartzeko erabakiak. Badakit zer-nolako eragina izan zuen nigan eta, paradoxikoki, ez ninduen emagintzara hurbildu. Baina, era berean, ez dut uste nire practicumari tresnarik eta ezagutzarik gehitu zionik.
Bakoitzak bere azken ondorioa atera dezala, baina nirea da izugarri eskertzen dudala espazio hartan emagin gisa trebatu izana, bertako tresnekin, teknologiarekin, giza baliabideekin eta profesionaltasun anitzarekin. Unibertsitate-ospitalea izan ez balitz, ez nintzateke gaur naizena izango. Hala ere, nire ustez, prestakuntzan diharduten profesionalek arlo horretan egiten duten igarobide sistematikoa berrikusi beharko litzateke, eta urrats horrek erabiltzaileengan eta profesional behatzaileengan duen eragina baloratu ere bai.



