Mota askotako produktu ugari kudeatzen ditugu ospitale-eremuan, eta, horiek biltegiratzeko, zenbait betekizun bete behar ditugu, horien ezaugarrien arabera.
Ildo horretatik, eta ESIren biltegi orokorra goitik behera zaharberritzeko proiektuaren barruan, gakotzat jotzen ditugu produktu kimikoak, horiek manipulatzearen eta biltegiratzearen arriskuak direla eta. Halako produktuak behar bezala biltegiratzen direla ziurtatzea zen gure helburua, bai eta indarrean den araudia betetzen dela bermatzea eta langileen, instalazioen eta ingurumenaren segurtasuna bermatuko duten alderdi guztiak aintzat hartzea ere.
Arriskuren bat –fisikoa, osasunerako edo ingurumenerako– izan dezaketen produktu kimikoak identifikatu genituen materialen katalogoaren barruan. Etiketak eta segurtasun-datuen fitxak aztertu genituen, produktu bakoitzaren arrisku mota, biltegiratze-betekizunak eta manipulaziorako jarraibideak zehazteko. Gainera, erreferentzia bakoitzaren gehieneko stockak ezarri genituen, arriskua murrizteko.
Bildutako datuok oinarri hartu genituen espazio berria diseinatu eta banatzeko eta biltegiratze-ekipo egokienak aukeratzeko, produktuen arteko bateraezintasunak aintzat hartuta.
Oraingo produktu kimikoen biltegia gure beharretara egokituta dago, eta 2017aren amaieraz geroztik indarrean den produktu kimikoak biltegiratzeari buruzko erregelamendu berrian (656/2017 Errege Dekretua) zehaztutako segurtasun-neurri guztiak betetzen ditu.
Biltegiratutako produktuek arrisku-piktogramak dituzte; hartara, substantziaren arriskua identifika eta ezagut daiteke. Segurtasun-datuen fitxak langileen esku daude.
Produktu toxikoak eta arriskutsuak erabiltzeari eta emergentzietan jarduteari buruzko prestakuntza-ekintzak prestatzen ari gara biltegiko langileentzat.
Produktu kimikoak biltegiratzearen arloan indarrean den araudira egokitu beharra dugu, baldin eta instalazioen, langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi badugu.
Produktu berriak sartzeko orduan, segurtasun-datuen fitxak behar bezala kudeatzea funtsezkoa da produktuak segurtasunez biltegiratzen jarraitzen dugula bermatzeko.
Sonia García



