Etxeko Ospitaleratzea (EOS) «ohiko ospitalizazioaren alternatibak» deiturikoen artean asistentzia-modu nabarmenetako bat da.
EOSa 1983an jarri zen martxan Gurutzetako Ospitalean, eta horrela, zentro hori aitzindari izan zen zerbitzu hori ematen Euskadin eta Espainiako Estatuan. Urteek aurrera egin ahala, Gurutzetako Ospitalearen eragin-eremua handitu egin da. Hala, gaur egun, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIko, San Eloy-Barakaldo ESIko eta Uribe ESIko udalerri guztiei ematen die estaldura. Horrek esan nahi du milioi erdi pertsona inguruko eragin-eremu batean ematen duela arreta.
Bere lan-ildo nagusiak honela laburbildu daitezke:
- Pazienteentzako kirurgia osteko arreta.
- Gaixotasun infekziosoen kontrako tratamendua, etxeko tratamendu antimikrobiano endobenosoaren (ETAE) bidez.
- Zainketa aringarriak.
Zerbitzuak gaur egun 32 pertsonako plantilla egonkorra du (10 mediku, 20 erizain eta 2 idazkari) urtean 2.500 pazienteri baino gehiagori laguntza emateko. Egun normal batean 100 pazienteri baino gehiagori ematen diegu arreta.
- urtea garrantzi handikoa izan da gure zerbitzuan. Zerbitzuaren buruzagia ordezkatu egin da, De Damborenea doktoreak erretiroa hartu duelako lantaldearen buru 30 urte baino gehiago eman ostean. Horrez gain, egoitza aldatu dugu. Administrazioko pabilioiaren 6. solairua utzi eta laborategien eraikineko 2. sotoan kokatutako lan-eremu moderno batera lekualdatu gara.
EOSen hasierako definizioa oraindik ere indarrean dagoela uste dugu: Ospitaleak ematen duen beste zerbitzu bat da, «pazienteari bere etxean ematen zaizkion tratamendu eta asistentzia zainketen multzoa da, eta berauen konplexutasuna, intentsitatea eta iraupena paziente horrek ospitale konbentzional batean hartuko lituzkeenen antzekoa da». Gaur egungo gertakari batzuek, ordea, etxeko ospitaleratzearen etorkizuneko ikuspegian eragina izango dute, esate baterako: jarduera asistentzialaren hazkunde progresiboak edo pazienteei arreta emateko moduan gertatzen ari diren aldaketek. Gure ustez, giltzarri hauen arabera bideratu beharko litzateke etxeko ospitalerzatzea:
- Arreta koordinatua eta integrala ematea, ospitaleko zerbitzu guztiekin, Lehen Mailako Arretako taldeekin eta talde soziosanitarioekin elkarlanean arituz, pazienteen arretaren jarraitasuna bermatzeko. «Etxeko Prozesu» berriaren diseinuak ikuspegi hori egituratu beharko luke.
- Arreta handiz zaintzea trantsizio asistentzialak ospitaleratzean eta alta ematean, segurtasun-arazoak minimizatzeko. Hori lortzeko modu bat, adibidez, farmaziako kontziliazio-programa sendo bat diseinatzea izango litzateke.
- Arretari balioa eransten dioten prestazioak eta programak indartzea –esaterako, etxeko ekografia garatzea–, hala hurbilketa diagnostikoa egiteko nola aplikazio terapeutikoetarako (sarbide baskularra, pilaketen drainatzea…). «Fast track» kirurgia-programak integratzea, transplantearen etxeko jarraipenaren programetan aurrera egitea, ikerketa sustatzea, besteak beste, orbaintze zaileko zaurien tratamenduan…
- Beren zainketak ondo kudeatzeko gauza diren gero eta paziente gehiago ditugu. Urrutiko teknologiari esker, arreta zorrotzago kontrolatu ahal izango da. Horrela, zainketak delegatzeko aukera izango dugu eta pazienteak erabaki klinikoetan parte hartzeko aukera izango du.
- Gure jardueran eskura dauden baliabideekin bizkortasuna eta ahalik eta eraginkortasun kliniko handiena bilatu beharko genituzke, sistemaren jasangarritasunean laguntzen jarraitu ahal izateko.
- Oso espezializatuta egon arren, gure jardunak humanizatua izan jarraitu beharko luke; hori da, gaur-gaurkoz, EOSeko lantaldeen nortasun-ikurra, hain zuzen ere.
Andima Basterretxea Ozamiz
Atalburua. Etxeko Ospitaleratzeko Z.