Presioagatiko ultzerak (PU) mugikortasun urria daukan edozein pertsonak ager dezakeen arazo saihesgarriena eta tratagarriena da. Erabateko lotura du Pazientearen Segurtasunarekin eta osasun-profesionalek eta zaintzaileek ematen duten arretarekin.

Hori horrela, ESIko Ultzeren Batzordeak prebentzio eta tratamendurako interkontsulta bat sortzeko ekimena gauzatu du presioko ultzerei dagokienez (PU).

Interkontsultan ESIko bi erizain daude: Karmele Pérez del Pecho eta Mari Jose Monguilo. Prebentzio eta zainketetako adituak dira, eta behar den estaldura eskaintzen dute. Interkontsultaren helburu nagusia profesionalentzako erreferentzia, euskarri eta aholkularitzako lantalde gisa aritzea da, irizpideak bateratu eta jarduketetan aldakortasun klinikoa murriztu ahal izateko eredua garatzearren. Horrez gain, profesionalen arteko komunikazioa eta arretaren kalitatea hobetzea ere badu xedetzat.

Interkontsultaren funtzionamendua hobeto ezagutuko dugu haren arduradunen eskutik.

Nola funtzionatzen du interkontsultak?

Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu profesional orok duela interkontsulta eskatzeko aukera Osabide globaleko interkontsulten ataletik. Kontsulta jasotakoan, pazientea bisitatuz eta/edo hura bidaltzen digun erizainarekin mintzatuz ebatziko dugu. Kontsulta fisikoa da batez ere baina, zergatiaren arabera, telefonoz ere egin daiteke.

Kontsultak prebentzio- zein tratamendu-zalantzak ebazten dituela gogorarazi nahi dugu, gainera, eta kontsultaren arabera erabakitzen dugula zer jarrera hartu. Azkenik, garrantzitsua da jakitea gomendioak pazientearen bilakaeran erregistratzen direla.

Zer egiten da kontsultartekotik?

Funtsean indikazioei, zalantzei eta prestakuntzari buruzko kontuei. Presioko ultzeren prebentzioari eta tratamenduari buruzkoak dira horiek betiere.

Zergatik da garrantzitsua presioko ultzeren interkontsulta bat egotea?

Hainbat arrazoi daude. Nagusia presioko ultzeren % 95 saihesgarriak direlako, protokolo egokiak aplikatzekotan. Halaber, tratamendu egokiak, gida klinikoen protokoloei eta gomendioei jarraikiz, bilakaeraren denbora murrizten duelako; horrelakoek, izan ere, arazoak saihesten dituzte eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzen dute. Azkenik, profesionalen artean jarduteko irizpideak bateratzeko balio duelako.

Ospitaleko langileentzat bakarrik al da interkontsulta?

Oraingoz bai, baina ESIko erizaintza osoak interkontsultarako sarbidea izateko lanean ari gara.

Azkenik, zer garrantzi du presioko ultzeren prebentzioak?

Oroz gain, nabarmendu beharra dago azterketa askok agerian uzten dutela presioko ultzerak ordu gutxi batzuen buruan sor daitezkeela eta sendatzeko hilabeteak behar izan ditzaketela; horregatik da hain garrantzitsua prebentzioa.

Halaber, presioko ultzera batek laukoiztu egiten du pazientearen heriotza-tasa, eta seikoiztu ere egiten du ultzera konplikatzen bada; horrez gain, ospitale-prozesua luzatzen du eta pazientearen zein senitartekoen bizi-kalitatea murrizten du, eta eragin handia ere badu maila guztietan pazienteen bizi-kalitatean: maila fisiko, psikologiko eta sozialean.

Maila fisikoari dagokionez, presioko ultzerek eragin nabarmena dute eguneroko bizitzako jarduerak egitea galarazten dieten muga fisikoengatik; hori dela eta, bizi-estiloa aldatu behar izaten dute eta, batzuetan, ingurunea egokitu ere egin beharko dute.

Azkenik, zauri mingarriak dira eta farmaziako gastu handia eragiten dute (zauritutako aldea garbitzeko materialak, aposituak, konplikazioen tratamendua, kirurgia-operazioak eta diagnostikoak, minaren tratamendua, zainketen epea luzatzea, ospitaleko egonaldia handitzea, etab.).