Iñigo Urkullu Lehendakariak Osasunean Ikertzeko eta Berriztatzeko 2020 Estrategia berria aurkeztu zuen joan den otsailaren 26an, Jon Darpón Osasun Sailburuak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak, munduko ikerketa biomedikuko zentro garrantzitsuenetakoa den Karolinska Institutuko Jörgen Larsson Irakasle ospetsuak, Jon Etxeberria Osakidetzako Zuzendari nagusiak eta María Aguirre Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendariak lagunduta.

Jardunaldia Gipuzkoako Teknologia Elkartegian egin zen, ikerketarekin eta berrikuntzarekin erlazionatutako osasun, zientzia, teknologia eta enpresa alorretako 200 profesionalen eta ordezkariren aurrean.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, datorren urteei begira jarduketarako jarraibideak markatuko dituen Osasunean Ikertzeko eta Berriztatzeko Estrategia berriaren garrantzia jarri zuen balioan, espezializazio adimentsurako RIS3 Euskadi estrategian, biozientziak-osasuna binomioan, identifikatutako hiru alor estrategikoetako bat, hain zuzen ere. Lehendakariak azpimarratu zuenez, “ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, gure osasunaren emaitzak hobetu eta Euskadiren garapen ekonomikoa indartu nahi dugulako”.

Osasun Sailburuak gogoratu zuenez, osasun alorreko I+G+Ba oso lagungarria da zahartzetik, kronikotasunetik eta mendekotasunetik sortutako erronkei erantzuteko, osasun sistema aldatzeko, norbanakoen eta biztanleria orokorraren beharrei egokitzeko, beti ere pertsona jarriz jarduketa ororen erdian, eta iraunkortasunari laguntzeko.

Estrategia lau ardatzetan eusten da: Eragina, Integrazioa, Pertsonak eta Baliabideak. Sailburuak azaldu zuenez, “lau ardatz horiek helburu hauei erantzuten diete:, I+G+B jardueretan eragin handiagoa lortzea; I+G+B arretarekin eta irakaskuntzarekin hobeto integratzea; profesionalak motibatzeko eremu hobea lortzea, I+G+B jarduerak gauza ditzaten; euskal gizartearen inplikazio handiagoa lortzea; eta finantzaketa eredu egokiagoa bereganatzea, osasun sistemako ikerketa eta berrikuntza komunitatearen lehiakortasuna finkatzeko eta indartzeko.

Osasunean Ikertzeko eta Berriztatzeko 2020 Estrategia hori Osakidetzako Osasun Erakundeetako eta Ikerketa Institutuetako Zuzendaritza taldeetako kideen aurrean aurkeztu dute Jon Darpón Osasun Sailburuak, Jon Etxeberria Osakidetzako Zuzendari nagusiak eta María Aguirre Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendariak joan den martxoaren 2an.