Barne Medikuntzako Zerbitzuko Gaixotasun Autoimmuneen Unitateak, Ezkerraldea- Enkarterri-Cruces ESIko Berrikuntza Unitatearekin eta Informatika Zerbitzuarekin batera, osasun-profesionalentzako aplikazio berri bat garatu du. Aplikazioan, Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean gaixotasun autoimmune sistemikoen (GAS) tratamendurako erabiltzen diren pautak jasotzen dira. «Gaixotasun autoimmuneak – Autoimmune diseases» aplikazioa ezaugarri horiek dituen eta doan deskarga daitekeen lehen aplikazioa da. Android eta iOS sistema eragileetarako eskuragarri dago, gaztelaniaz eta euskaraz; eta, laster, ingelesez egongo da.

Aplikazio honen helburu nagusia da GASak dituzten pazienteak artatzen dituzten medikuei, bereziki esperientzia gutxi dutenei, protokolo xehatuak ematea, gaixotasunen hasierako faseetan zein mantentze-aldietan zehar gida gisa erabil ditzaten. Hori dela eta, aplikazioak mezu labur eta errazak ditu; dosiei eta tratamenduen iraupenari dagozkien zehaztasunak eta farmakoak pixkanaka murrizteko pautak ematen ditu, bai eta gaixotasuna iraunkorra den egoeretarako ordezko aukerak ere.

Aplikazioa zenbait bloketan egituratuta dago: lehen blokean, GASak kudeatzeko pauta orokorrak jasotzen dira; bigarrena farmako immunoezabatzaile eta immunomodulatzaileen erabilera egokian oinarritzen da; hirugarrenean, GAS ohikoenetako egoeretarako protokolo espezifikoak zehazten dira; eta, laugarren blokean, haurdunaldiari espezifikoki eskainitako atal bat dago.

Nahiz eta gaixotasun horien tratamendurako gomendioak ematen dituzten dokumentu asko egon, gehienetan, aditu-taldeek adostutako oso gomendio orokorrak dira, eta ez dira oso zehatzak hasierako dosiei, murrizketa-pautei, tratamenduaren iraupenari nahiz berreritze-aukerei eta tratamenduari erantzuten ez dioten egoerei dagokienez.

Aplikazio berri honetan agertzen diren protokoloak maiz erabiltzen diren gidetan oinarritzen diren arren, ohiko gomendioetatik bereizten dituen ezaugarri bat dute: eguneroko esperientzia klinikoa, ebidentziarik ez dagoen kasuetarako.
Horregatik guztiagatik, aplikazio honek pauta praktikoak eta xehatuak ematen ditu; hala, profesional medikoek erantzun hobea eman ahalko diote gaixotasun autoimmuneak dituzten pertsonen tratamendu farmakologikoetan planteatzen diren egoera askori, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatearen jarduera klinikoaren funtsa diren oinarrizko bi printzipiotan oinarrituta daude:

1.- Ez dago zertan prednisona dosi alturik erabili GASak dituzten pazienteen tratamenduan.
2.- Errezeta orokor gisa: erabili metil-prednisolona pultsuak eta konbinatu tratamenduak, prednisona dosi baxuagoekin hasteko eta azkar murriztu ahal izateko.

Aplikazio berri honekin, aplikazio mugikorren bidez teknologia berrien erabilera sustatzeko estrategia sendotuko du Osakidetzak.

Noticia anteriorKomunikazio onenari saria, Zuzenbideari eta Giza Genomari buruzko Kongresuan
Noticia siguienteEhun egoilar berri baino gehiagok hasten dute euren prestakuntza Ospitalean