Gure ospitalean, guraso hematopoietikoen, zelula amen, lehen infusioa 1995eko abenduan egin zen, linfoma folikularra gaixoberritu zitzaion 45 urteko gizon batean; pazientearen odol periferikotik lortu ziren, kimioterapia-dosi mieloablatiboak eman ondoren. Guraso hematopoietikoen transplante autologo (GHTA) deritzon prozedura hori, lehen hezur-muinarena, arrakastatsua izan zen, eta pazientearen gaixotasun menderakaitza kontrolatu ahal izan zen.
Ordutik 25 urte eta gehiago igaro dira, eta aurtengo uztailean 1.000. transplanteari alta eman diogu. Urte horietan guztietan 18 eta 74 urte arteko pazienteei egin dizkiegu transplanteak, gehienetan linfoma edo mieloma anizkoitzaren kasuetan, baina baita leuzemia akutuetan edo amiloidosietan ere, besteak beste. Gehienak GUOko pazienteak izan dira, baina azken 5 urteetan erdiak (% 48) Basurtuko eta Arabako unibertsitate-ospitaletatik etorriak dira. Azken hamarkadan (2010-2020), GUO jarduera-maila handieneko bost ospitaleetako bat izan da Estatuan, eta nagusia 2015 eta 2017 urteetan. Prozedura segurua da, eta Transplante Hematopoietikoen Europar Taldearen jarraibideak betetzen ditugu (The European Group for Blood and Marrow Transplantation). Talde horren kide gara 1995 hartako lehen urratsetatik. GUOk literaturan jasotako daturik onenak erreproduzitzen ditu; izan ere, azken 5 urteei erreparatuta, prozeduraren hilkortasuna % 1,4koa da, eta pazienteen % 5,2 soilik sartu dira ZIUn konplikazioen ondorioz.
Emaitza on horiek lortzea ezinezkoa zatekeen ez balitz Erizaintzaren eta gure unitateko (1.E) laguntzaileen eta transfusio-zerbitzuaren lanagatik. Halaber, ekarpen erabakigarria izan da eguneko ospitaleko langileena nahiz Farmaziako, Anatomia patologikoko, Zainketa intentsiboetako, Infekziosoetako, Mikrobiologiako, Nefrologiako, Onkokardiologiako, Medikuntza nuklearreko eta abarretako lankideena.
Zorionak guztiei,
Juan Carlos García Ruiz
Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzua
BioCruces Bizkaia Health Research Institute
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea
