ESIk berriro ekin dio osasun-zientzien adarrean interesa duten batxilergoko lehen mailako ikasleentzako ate irekien programari. Lau egunez Erakundearen eragin-eremuko bederatzi zentrotako 100 ikasle baino gehiagok Ospitaleak garatzen duen jarduera ezagutzeko aukera izan dute.
Jarduera honen helburua osasun-ingurunearekin lehen harremana izatea da, ikasleek lanbide-karrera aukeratzeko orientabideak izan ditzaten, aldi berean osasun-zientziak sustatuz eta ikasleen kultura zientifikoa, teknologikoa eta berritzailea areagotuz.
Ikasleek erakundea oro har ezagutzeko aukera izan dute, ondoren zerbitzu eta unitate hauetan bisita gidatuak hasteko: neurologia, genetika, etxeko ospitalizazio pediatrikoa, amaetxea, liburutegia, psikiatria, erradiologia, farmazia, neurologia, esterilizazioa, errehabilitazioa, endokrinologia eta nutrizioa, dermatologia, erredura handiak, urologia, laborategia, helduen etxeko ospitalizazioa, ZIU, onkologia medikoa, hematologia, pneumologia, kirurgia orokorreko kirofanoa, medikuntza nuklearra, pediatriako larrialdiak, anestesia eta bizkortzea, larrialdi orokorrak, bizkarrezur-muineko lesioak, esterilizazioa.
Aukera aprobetxatu dugu gertuagotik ezagutzeko ate irekien egun hauetan ikasleei orientabidea eman dieten profesionalen iritzia, eta galdetu diegu ea zein den, haien iritziz, bisita horiek ikasleengan duten eragina, zelan uste duten horrelako ekimenek osasunaren esparruan haien etorkizuneko karrera aukeratzeko orientatzen lagundu dezaketela eta zelan hauteman duten haiek neska-mutil gazte horien erantzuna.
Blanca Gener Querol. Genetika Zerbitzuko burua:
Hain zuzen, hasiera batean aurreikusita ez zegoen talde bat izan dugu oraintxe, zeina, lau ikaslek genetikaren inguruan zuten interes espezifikoaren ondorioz, biologiako irakaslearekin etorri den gaur.
Aitortu behar dut niri pertsonalki ikaragarri gustatzen zaidala ikasleei harrera egitea. Nire ustez, gure lan asistentzialera hurbiltzeko aukera ematea eta ikasten ari diren edo interesatzen zaizkien eta ikasgelan abstraktuak eta urrunekoak izan daitezkeen kontzeptuekin ingurune erreal batean konektatzeko aukera ematea baliagarria izan dakieke –baita inspiratzailea ere– beren orientazio profesionalerako.
Gure kasuan (Genetika Zerbitzua), diziplinarteko taldea denez, zuzenean egiazta dezakete askotariko profil profesionalek (mediku fakultatiboak, biologoak, analista klinikoak, biokimikoak eta laborategiko teknikariak) ezagutza-arlo osagarrietan batera lan egitearen garrantzia, eta horiek guztiak beharrezkoak dira genetika klinikorako eta diagnostiko genetikorako.
Ikasle-talde batzuek jarrera paregabea izan dute, eta, kasuren batean, genetikarekiko interes handia agertu dute. Espero dut haien espektatibak bete izana eta ikasgeletara ilusioz itzultzea.
Beatriz Azcunaga Santibañez. Pediatra
Ate irekiak eta bisitak eredu biosanitarioan dauden batxilergoko ikasleentzako dira nagusiki. Alabaina, askotan, horrek ez du esan nahi erabaki dutenik zer gradu ikasi nahi duten. Asmoa da jasotzen duten informazioa lagungarria izan dadila hautaketa hori egiteko, eta, batez ere, gure lanbideen eguneroko errealitatea erakusten saiatzen gara barnetik, ikus dezaten benetan zer esan nahi duen osasunaren esparruan egotea eta alor pertsonalean eta profesionalean garatzea.
Lara Gómez Nieto. Erizaina. Etxeko ospitalizazio pediatrikoa
Nire iritziz, batxilergoa amaitu baino lehen aukeratu ditzaketen askotariko karrera unibertsitarioen eta graduko lanbideen errealitatea erakusteko balio dute horrelako jarduerek.
Kasu batzuetan, adierazi zuten oso argi zutela zer ikasketarekin jarraitu nahi zuten, eta bisitak are gehiago finkatu zituela haien asmoak. Beste batzuek, aitzitik, esan zuten ez zutela ideiaz aldatuko nahiz eta bisita egin, eta ez zutela osasunean aritu nahi.
Oro har, ikasleek interesa eta errespetua agertu zituzten pediatriako erizain espezialista nahiz pediatra izateko bidea azaltzeko eman zitzaien hitzaldi laburrarekin, eta erauzketa – laborategiko administrariekin nahiz laborategiko teknikariekin egindako lantaldea ikusi zuten baita ere.
Eskerrik asko ekimen hau posible egin duten profesional guztiei, bisita gidatuetan parte hartu dutenei eta, azken finean, Ospitaleak garatzen duen irakaskuntza- eta laguntza-jarduera eta haren balioak gizarteari hurbiltzen lagundu dutenei, baita parte hartu duten ikastetxeetako ikasleei ere.



