Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIren barruan dago, eta Ballonti BHIko eta Burdinibarra BHIko Batxilergoko 1. Mailako 80 ikasle baino gehiago hartu ditu Gioconda Osasuna ate irekiko programaren 3. edizioan, martxoaren 15ean eta 16an. Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIren, BioCrucesen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da proiektua. Gioconda Osasunak, bi egunetan eginda, ikasleei ESIn nahiz BioCruces Osasun Ikerketako Institutuan egiten den ikerketa-, irakaskuntza- eta laguntza-jarduera hurbiltzea, bizitzeko ohitura osasuntsuak eta osasunaren zaintza sustatzea eta, azkenik, eta osasun-zientziak eta haien erakargarritasuna bultzatzea ditu helburu.

Ildo horretatik, ciceroneek Ospitaleko eta BioCruceseko hemezortzi unitate eta zerbitzu erakutsi dizkiete aipatutako institutuetako ikasleei (Errehabilitazioa, Animaliategia, Gaixotasun Neuromuskularren Ikerketa, Kirurgia Orokorra, Jaioberriak, Farmazia, Bizkarrezur-muineko Lesionatuak, Haur Onkologian Ikerketa, Laborategiak, Pediatriako Eskola, Hematologia eta Hemoterapia, BBB, Lehen Laguntzak, Liburutegia, Berrikuntza eta Kalitateko Zuzendariordetza, Kontratazio Adminsitratiboa, Psikiatria, Sukaldea, Kirurgia Pediatrikoa eta Angiologia, eta Hodietako Kirurgia).

Gioconda Osasuna hiru fasetan banatuta dago: proiektua ikastetxe parte-hartzaileetan aurkeztea eta zerbitzuek ikasleei botatzen dizkieten erronka desberdinak bultzatzea (Nola ikusaraz dezakegu laginak emateak ikerketarako duen garrantzia?, nola egin diezaiokegu aurre obesitateari gure inguru hurbilenean? edo nola ikusaraz dezakegu ikerketak osasunean duen garrantzia?, besteak beste); Ospitalea eta BioCruces Osasun Ikerketako Institutua bisitatzea, eta, azkenik, ikastetxean lan egitea, proposatutako erronka desberdinei konponbidea emateko; horretarako bideo bat prestatuko dute. Ikasleen proposamen desberdinen aurkezpena Ospitalean egingo da, apirilaren 25ean izango den jardunaldi batean.

Hiru urte Gioconda Osasunarekin 

2015ean Gioconda Osasuna proiektua abian jarri zenetik, bost ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko ia 300 ikaslek bisitatu dute Ospitalea: Gurutzetako BHI, Uribe Kosta BHI, Minas BHI, Ballonti BHI eta Burdinibarra BHI.

Bisitetan, ikasleek beren behatzeko gaitasuna praktikan jartzeko aukera izan dute, bisitatutako eremuak nola funtzionatzen duen ulertzeko, eta beharrezko ikusi dituzten galderak egiteko, gero zerbitzuek eta unitateak planteatu dizkioten erronketako bakoitza nola ebatzi pentsatzeko.

Proiektu honekin, ESIk, berriz ere, agerian utzi du osasun-hezkuntzari dagozkion ekintzak egitearen aldeko apustua, funtsezkoa baita norberaren osasuna eta komunitatearena hobetzeko; eta horretarako institutuen kooperazioa eta lankidetza sustatu ditu. Gainera, pauso bat gehiago da Osasun Sailak Jaurlaritzaren gainerako sailekin lan koordinatu eta transbertsal bat egiteko duen estrategian; horrekin pertsona eragile aktibo bihurtu nahi da, osasunarekin kontzientziatua eta konprometitua.

Noticia anteriorEsker ona Zugan Pentsatuz programan parte hartu zutenei
Noticia siguiente2017ko Loaren Munduko Eguna “Sakon lo egiteak bizitza elikatzen du”