Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko Errepelegako Lehen Mailako Arretako Unitateak, Portugaleteko Udalak eta Bizkaiko Osasun Publiko eta Adikzioen Azpizuzendaritzak abian jarri dute Zugan Pentsatuz programa Errepelegan, lehenago Ortuellan, Trapagan eta Balmasedan bezala, eta 136 herritar ari dira bertan parte hartzen. Zugan Pentsatuz programaren helburua bizimodu sedentarioa eta osasunerako arrisku-faktoreak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Proiektuaren xedea herritarren jarduera fisikoaren maila areagotzea da. Horretarako, osasuneko langileek beren kontsultetara doazen pazienteei jarduera fisikoa aginduko diete. Ekintza hori Osasun Sailaren estrategiarekin lerrokatuta dago; osasuna eta prebentzioa sustatzea, bizimodu eta ohitura osasungarriak nabarmenduta.

Zugan Pentsatuz programa Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIren, aipatutako udalerrietako udalen, Osasun Saileko Osasun publiko eta Adikzioen Zuzendaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta kiroldegiak kudeatzeaz arduratzen diren enpresen lankidetzaren emaitza da.

Eragindako osasun-zentroetako osasuneko langileei prestakuntza eta bitartekoak eskaini zaizkie ariketa fisikoa agintzeko oinarrizko jarraibideen arloan; horiek jarduera fisikoa egiteko ohiturarik ez eta osasunerako arrisku-faktoreak dituen patologiaren bat duten pertsonak hautatuko dituzte. Sei hilabeteko lan-egutegi bat emango zaio bakoitzari, epe horretan kirola egiten ohitu daitezen eta beren bizimodua pixkanaka-pixkanaka alda dezaten.

Sei hilabetez, egunean bi aldiz egingo dituzte jarduerok –pazientearen patologiaren araberakoak–. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirol Zerbitzuko eta osasun-zentroko profesionalek elikadura-ohiturei eta nutrizioari buruzko prestakuntza teorikoa ematen dute. Ikastaroan, eta amaitu ondoren, parte-hartzaile guztien segimendua egingo du osasun-zentroak. Kirola egiten jarraitu nahi dutenek, berriz, kasuko kiroldegia kudeatzen duen enpresak berariaz beraientzat sortuko dituen taldeetan izena emateko aukera izango dute.

Nabarmentzekoa da programaren parte-hartzaileen % 81,25ek ohiturak aldatzen dituela; paziente sedentario zirenak gaixotasunarekin kontzientziatutako eta sentsibilizatutako pertsona aktibo izatera igarotzen dira.