Chefs&Kids ekimen solidarioa 2018. urtean sortu zen, egoera zailean dauden haurrei laguntzeko, itxaropena emateko eta sukaldaritzaren kulturara hurbiltzeko. Proiektua Janariarekin jolastu egiten da esloganean oinarritzen da, eta, chefekin egiten dituzten sukaldaritza-tailerretan, haurrek era dibertigarrian ikasten dute osagaiak desberdintzen eta zaporeak eta usainak ezagutzen.

Ekitaldi honen 2. edizioan, alderdi solidarioa Aladina Fundazioarentzako ekarpen ekonomiko baten bitartez egingo da. Erakunde horrek laguntza integrala ematen die minbizia duten haur eta nerabeei, eta laguntza psikologikoa, emozionala eta materiala, haien senideei.

Chefs&Kids ekitaldirako aurreikusi diren jardueren artean, Eneko Atxa (Azurmendi***) eta Jesús Sánchez (Cenador de Amós**) sukaldariek bisita egin diete minbizia duten eta tratamendua Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo) jasotzen duten haurrei. Bi chef bikainek une oso hunkigarria partekatu dute haurrekin, askari-orduan, eta era osasuntsuan elikatzeak duen garrantziaren inguruan hitz egin diete.

Sukaldariak oso bihotz onekoak dira; Eneko Atxaren hitzak besterik ez dira entzun behar, proiektu honetan lan egiteko duten ilusioaz jabetzeko: «Oso zoriontsu egiten nau gaur haurrekin egoteak; aukera ezin hobea da, behar duten une guztietarako haien laguna naizela esateko. Nigana jo dezakete babes eta laguntza bila. Haurrak superheroiak dira, eta haien gurasoek mirariak egiten dituzte; beraz, ahal dugun heinean, zuekin lan egiteko prest gaituzue. Jakin behar dute laguntza emateko gaudela, eta beti gogoratzen garela egoera zailean dauden pertsonez. Oso zoriontsu egiten nau erabilgarri sentitzeak eta nire harri-koxkorra ekartzeak».

Bestalde, Jesús Sanchézek ere ekimen honekiko sentitzen duena adierazi du: «Niretzat, pribilegio bat da.  Haurrekin partekatzeko une berezi hau eskaini dit bizitzak. Gaur hemen egoteko gogo handia nuen; hain zuzen ere, haurrak ikusteko eta zoriontasun apur bat emateko. Pertsona sentikorra, alaia eta enpatikoa naiz, eta oso pozik nago egun berezi eta itxaropentsu honetan parte hartu ahal izateagatik».

Gurutzetako Ospitalean dauden haurrei eginiko bisitaz gain, proiektu solidario honetako babesle batzuek parte hartu dute. Izan ere, ezustean, askari osasuntsu bat eman diete haurrei: urdaiazpiko-, solomo- eta coppa-ogitarteko txikiak (Joselito), ur mineraleko packa (Agua enCaja Mejor), eta Cookplay ontziteriako Jomon katilua.

Noticia anteriorEuskadik 600 patologia baino gehiagori dagozkien gaixotasun arraroen 5.000 kasu erregistratu ditu
Noticia siguienteAldundiko suhiltzaileek egindako visita