Osasun Ministerioko ebaluazio-taldeak urrezko jardunbide egoki irabazlearen aitorpena eman dio –kalifikazio gorena– «Jaioberrien segurtasunaren alde taldean lan egitea, jaioberriaren sepsia murrizteko» osasun-arretako jardunbide egokiari, Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitateko profesionalek aurkeztutakoari. Puntuaziorik altuena da amaren eta jaioberrien arreta segururako jardunbide seguruen ezarpena aitortzeko prozesuan, eta Estatuko Osasun Sistemaren Pazientearen Segurtasunerako Estrategiaren esparruan deitu da.

Sepsia murrizteko diziplina anitzeko lanean oinarritzen da jardunbide egokia. Sepsia garaiaurreko jaioberrien heriotza-kausa ohikoenetako bat da, eta, horietan, bide parenteralerako kateterrak infekzio-arrisku handiena dira. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean garatutako proiektuak Unitateko estamentu guztiak inplikatzen ditu. Medikuntza Pediatrikoko eta Erizaintzako espezialistak, Prebentzio Medikuntzako, Farmaziako eta Epidemiologiako zerbitzuek lagunduta. Unitateok koordinatuta daude: Unitateak protokolo klinikoak ezartzen ditu, Farmazian bertan kateterrak esterilizatzen dira, Prebentzio Medikuntzan jardunbide egokiei buruzko prestakuntza-lana egiten da (esate baterako, eskuak garbitzea), eta Epidemiologiak ebaluazio jarraitua egiteko datuak ematen eta beste zentro eta osasun-sistema batzuekin alderaketak egiten ditu.

Horren guztiaren ondorioz, sepsiak eragindako hilkortasuna nabarmen murriztu da Jaioberrien Unitatean, eta Estatuko Osasun Sisteman eta Europako osasun‑esparruan lehenengo tokian kokatu da.

Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioak, Asistentziaren Kalitateko Espainiako Sozietatearekin lankidetzan, jardunaldi bat antolatu du irailaren 17rako, Pazientearen Segurtasunaren Munduko Egunerako. Jardunaldi horretan, amaren eta jaioberriaren segurtasunarekin lotutako Estatu mailako jardunbide seguruak erakutsi eta aitortuko dira. Estatu mailako esparru horretan, Jaioberrien Unitateak bere jardunbide egokien proiektua azalduko du.

Segurtasuna haurdunaldiko, erditzeko eta erdiberriaroko prozesu asistentzialean

Orain jasotako «urrea» Osakidetza arlo horretan egiten ari den lanaren aitorpena da: Haurdunaldi, erditze, erdiberriaro eta jaioberriaren arretarekin lotutako segurtasun-kultura hobetzea lehentasuna izan da eta da Osasun Sailean eta Osakidetzan, praktika seguruak ikasteko eta aplikatzeko emakumearen eta jaioberriaren arretan.

2014az geroztik, segurtasuneko talde korporatibo bat dago, eta arlo asistentzialetako eta hainbat kudeaketa-mailatako emaginek eta Ginekologiako, Pediatriako eta Erizaintza pediatrikoko espezialistek osatzen dute.

Talde horren lanaren emaitza dira amaren arretako unitate guztietan ezarritako segurtasun-protokolo garrantzitsuak: Jaioberriaren arretarako segurtasuna; jaioberri osasuntsuarentzako arreta erditzean eta erdiberriaroan; jaioberriaren elikadura; erdiberriaroko arreta; arrisku txikiko erditzeko arreta ospitale-ingurunean; eta larrialdiko erditzeko arreta erditze-eremuetatik kanpo.

Noticia anteriorIrailaren 15ean, distrofia miotonikoaren –sistema askori eragiten dien gaixotasun konplexuaren– nazioarteko eguna da
Noticia siguienteJostailu-dohaintza