Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Koloproktologia Unitateari bideo onenaren saria aitortu diote Koloproktologiako Espainiako Elkartearen (AECP) Estatuko XXIX. Biltzarrean, zeina maiatzaren 13tik 15era egin baitzen Toledon.
Endometriosis colorrectal, revisión de 3 casos de resección discoide laparoscópica (“Kolon eta ondesteko endometriosia, erauzketa diskoide laparoskopikoaren hiru kasuren azterketa”) izenburupean aurkeztutako lanak jaso du saria, zeina Olatz Ocerin doktoreak aurkeztu baitzuen, ospitaleko Koloproktologiako lantaldea ordezkatuz.
Saritutako bideoan ikusgai da kolon eta ondesteko endometriosia tratatzeko erabiltzen den kirurgia-teknika aurreratua; patologia konplexua da, diziplina anitzeko ikuspegi oso espezializatuarekin tratatu behar dena.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentziazko zentroa da aipatutako patologia tratatzen; hala, esperientzia kliniko eta kirurgiko zabala du konplexutasun bereziko kasuak artatzen, eta apustu irmoa egin du berrikuntza sustatzearen eta osasun-emaitzak hobetzearen alde.
Koloproktologiako Espainiako Elkartearen Biltzarra esparru horretan urtero egiten den hitzordu zientifiko nagusia da, eta azken edizioan Estatu osoko kolon eta ondesteko kirurgiako 700 espezialista baino gehiago bildu ziren. Topaketa giltzarria da ezagutzak eguneratzeko, esperientziak trukatzeko eta diagnostikoan nahiz tratamenduan egindako aurrerapenak zabaltzeko.
Sari horren bitartez nabarmendu nahi da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Koloproktologia Unitateak egindako lana; halaber, berresten da erreferente dela kolon eta ondesteko kirurgiaren esparruan eta Osakidetza konprometituta dagoela bikaintasun asistentzialarekin, prestakuntzarekin eta ikerketarekin.



