ESIak beste Berripill saio bat egin du, eta oraingoan erdigunean jarri da 3D inprimaketaren nahiz fabrikazio digitalaren ahalmena, horiexek baliatu nahi baitira desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen beharrizan zehatzei erantzuteko, gertuko inguruetan garatutako konponbide pertsonalizatuen bidez. Alberto Martínez Márquezek, 3DLAN elkarteko presidenteak, eta Egoi Azkarraga Ortegak, elkarteko idazkariak, laguntzako produktuen askotariko adibideak aurkeztu dituzte; aurkeztutako konponbideek abiapuntutzat hartu dute tokiko ikuspegi pertsonalizatua, zeinaren xedea baita autonomia pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzea.
Besteak beste, eguneroko jardueretarako egokitzapenak aurkeztu dituzte, hala nola janzten eta jaten laguntzeko eta komunikazio handigarria ahalbidetzeko produktuak, 3D inprimaketaren bidez garatutakoak; horretarako, elkarlanean aritu dira terapia okupazionaleko profesionalak, familiak eta erabiltzaileak. Mota horretako teknologiaren bidez, garapenaren epeak eta kostuak murrizten dira, eta pertsonalizazio-maila altuari eusten zaio.
Halaber, design thinking delakoan oinarritutako lan-metodologia azaldu dute: erabiltzailea jartzen du erdigunean eta uztartu egiten ditu benetako beharrizanak, lankidetza-diseinua, prototipoak arin sortzeko ahalmena, eta benetako inguruetan probak egitea etengabe.
Horrez gain, lanbide-heziketako beste ikastetxe batzuekin batera garatutako proiektuak erakutsi dira, non ikasleek parte hartzen baitute desgaitasun fisikoren bat duten pertsonentzako laguntzako produktuak diseinatzen, esate baterako jaten laguntzeko tresnak, komunikazio-sistemetarako tableten euskarriak, eta jarduera terapeutikoetarako mahai erregulagarriak. Lankidetza horren bitartez, gizarte-bokazioak sustatuko dira eta etorkizuneko teknikariei adieraziko zaie zein garrantzitsua den diseinua erabiltzea inklusio eta irisgarritasuneko testuinguruetan.
Saioan, nabarmendu da, 3D inprimaketaren bidez oso konponbide pertsonalizatuak sortzeaz gain, aurrera egin daitekeela eta erabilera anitzerako balio duten eta errepikagarriak diren produktuak ere diseinatu daitezkeela, askotariko pertsonei egokitzeko gai izan daitezen, betiere autonomia, duintasuna eta bizi-kalitatea ardatz hartuta. Hizpide dugun tokiko ikuspegiak, zabalpenari eta sare-lanari esker, beste lurralde batzuetako erakunde eta familien interesa ere piztu du.


