Gabriel Heras zainketa intentsiboak humanizatzeko HU-CI proiektuaren sortzailea izan da protagonista «Tratamendu berri bat, osasungintzaren humanizazioa» izenburupean gaur egin den #Berripills saioan.
HU-CI proiektua diziplinarteko ikerketa-talde batek osatzen du (zainketa intentsiboko unitateetan lan egiten duten medikuak eta erizainak), pazienteekin, senideekin eta bestelako profesionalekin batera (psikologoak, diseinatzaileak, barne-diseinatzaileak…). Proiektuaren helburua zera da, zainketa intentsiboak humanizatzea; pazienteen, senideen eta profesionalen arteko foro eta eztabaidagunea izatea; zainketa intentsiboak ezagutzera ematea eta herritarrengana hurbiltzea eta prestakuntza sustatzea gaitasunen eta humanizazioaren alorrean.
«Ospitaleak ez dira pazienteentzat ez profesionalentzat egiten, gaixotasunentzat baizik», horregatik, Gabriel Herasek, bere hitzartzean, ikuspegi bertikala baztertu eta ikuspegi horizontala berreskuratzearen aldeko aldarria egin du, «pazienteen maila berean egonda salbatzen direlako bizitzak».
HU-CI proiektuan ZIUak humanizatzeko zenbait ikerketa-ildo garatzen ari dira: ate irekietako ZIUa, komunikazioa, pazientearen ongizatea eta gogobetetasuna, familiaren parte-hartzea, profesionalaren zainketak, ZIU osteko sindromearen prebentzioa eta kudeaketa, azpiegituren hobekuntza, gaitasunen prestakuntza, egoera terminalen kudeaketa.
Horrela, 2014an proiektu hau abiarazi zenetik, 40 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dira inpaktu handiko estatuko zein nazioarteko aldizkarietan, mundu guztira zabaldu direnak.
Gabriel Herasen iritziz, osasun-asistentziaren ardatza pertsona da, eta horregatik uste du iraganeko egiturak eraitsi eta «H-eboluzionatu» beharrean gaudela.