• BioCruces Osasun Ikerketa Institutua Euskal Autonomia Erkidegoko diabetes mellitusaren kasu berrien azterketa batean murgilduta dago; azterketak 2015ean Osakidetako profesionalek egindako ikerketa bateko datuak ditu abiapuntu. 
  • Lehen azterketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 18 urtetik gorakoetan, diabetes mellitusaren prebalentzia orokorra Estatu osokoa baino txikiagoa da (% 10,6 eta % 13,8 hurrenez hurren). 
  • Azterketa berriak zehaztuko du aurreko azterketan parte hartu zutenetatik (orduan normalak zirenak nahiz alterazioren bat zutenak) zenbatek duten gaixotasuna. 
  • Gaixotasuna eragiten duen kausetako bat obesitatea da; gainera, horretarako joera gero eta handiagoa da. Obesitatearen prebalentzia Euskal Autonomia Erkidegoan txikiagoa da. 
  • Diabetesa karbono-hidratoen metabolismoaren gaixotasun kroniko bat da, eta urtez urte haren prebalentzia gero eta handiagoa da biztanleen artean. 
  • Gaixotasuna agertzen da gorputzak intsulinarik sortzen ez duenean, edota, sortu arren, behar bezala erabili ezin duenean, eta odolean glukosaren maila handitzen denean.

BioCruces Osasun Ikerketa Institutua Euskal Autonomia Erkidegoko diabetes mellitusaren kasu berrien azterketa batean murgilduta dago; azterketak 2015ean Osakidetako profesionalek egindako ikerketa bateko datuak ditu abiapuntu. Lehen azterketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 18 urtetik gorakoen artean, % 10,6koa da diabetes mellitusaren prebalentzia. Estatuan, metodologia eta helburu berarekin egindako ikerlanen arabera, % 13,8koa da prebalentzia; Andaluzian, adibidez, % 16,3koa.

Diabetesaren intzidentziari buruzko azterketa berriaren ikertzaile nagusi Sonia Gaztambide medikuak honako hau azpimarratu du: «Diabetesaren intzidentziari buruzko datuak izango ditugu, hau da, prebalentziari buruzko aurreko azterketan sartu ziren pazienteetatik, normalak eta metabolismoan karbono-hidratoen alterazioren bat zutenak, zenbatek garatu duten gaixotasuna».

«Euskal Autonomia Erkidegoko prebalentziaren azterketa egin genuenean, 18 urte edo goragoko 847 pertsonak parte hartu zuten. Obesitatea, Estatuan, ia % 28 zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, % 19,3. Andaluzian % 37 zen, eta hori kezkatzekoa da», zehaztu du.

Testuinguru horretan, espezialistak adierazi du gaixotasuna agertzeko kausa edo arrisku-faktore garrantzitsuena «obesitatearen goranzko joera dela.  Gure datuak hobeak dira. Obesitatearen prebalentzia txikiagoa da, eta, ondorioz, diabetes gutxiago dugu».

«Badira alda daitezkeen arrisku-faktoreak; adibidez, gehiegizko pisua eta obesitatea, tentsio arterial altua, kolesterol-maila altua, sedentarismoa, erretzea eta azukre eta koipe industrial gehiegi jatea, eta horiek guztiek gaixotasunaren eta haren konplikazioen garapenean eragiten dute. Beste arrisku-faktore batzuk ezin dira aldatu, adibidez, adina, familiako aurrekariak eta haurdunaldiko diabetesa», nabarmendu du.

Bestalde, ikertzaileak aurreratu du diabetesa duten pertsonen artean diabetes ez hain ezagun bat zenbatek duten ere ikertzen ari direla BioCrucesen; diabetes ez hain ezagun hori gene zehatz baten mutazioaren ondorio da, eta diabetes monogeniko izena du. «Garrantzitsua da, diabetes mota horrek hobeto erantzuten baitio aho bidezko farmako mota bati intsulinari berari baino. Horrexegatik, garrantzitsua da identifikatzea. Beraz, hemendik gutxira gaixotasunaren erradiografia hobea emango diguten datuak izango ditugu».

DIABETESARI BURUZ

Diabetesa karbono-hidratoen metabolismoaren gaixotasun kroniko bat da, eta urtez urte haren prebalentzia gero eta handiagoa da biztanleen artean. Gaixotasuna eragiten duen kausetako bat obesitatea da; gainera, horretarako joera gero eta handiagoa da.  Jatean, organismoan elikagaiak prozesatzen dira, eta azukre mota bat sortzen da (glukosa); horrek zelulak elikatzeko balio du. Gainera, gorputzak, pankrean, intsulina izeneko hormona bat sortzen du. Hormona horri esker, elikagaietako glukosa zeluletara igarotzen da, eta han energia bihurtzen da, muskuluek eta ehunek funtziona dezaten.

Diabetesa agertzen da gorputzak intsulinarik sortzen ez duenean, edo, sortu arren, behar bezala erabili ezin duenean, eta odolean glukosaren maila handitzen denean. Bi motatakoa izan daiteke. I motako diabetes mellitusa, kasuetako % 10 da (ez dute intsulinarik sortzen); gainerako % 90aren gehiengoak II motako diabetes mellitusa du; une honetan ezezaguna da diabetes monogenikoa dutenen ehunekoa.