Aurten, lehen urteko egoiliarren prestakuntzako arloak generoari eta osasunari buruzko nahitaezko ikastaro bat sartu du gure ESIan. Medikuntza, erizaintza, psikologia kliniko, biologia eta ospitaleko farmaziatik funtsezkoa dirudi generoari eta osasunari buruzko prestakuntza sartzea. Gizarte gehienetan, emakumeak gizonak baino egoera okerragoan daude. Gure lurraldean, genero-arrakalei buruzko zifrek erakusten dutenez, desparekotasuna dago bizitza publiko eta pribatuko esparru guztietan; genero-desparekotasun horrek, bada, eragina du emakumeen osasunean eta osasun mentalean.
Osasun-arretan eta osasun mentalean genero-ikuspegia txertatzearekin berdintasun- eta ekitate-printzipioak bete nahi dira, pertsonen giza eskubideak errespetatze eta betetze aldera. Hori horrela, balorazio klinikoan ez da genero-bereizketarik egin behar; hau da, pazienteak ez dira modu batera edo bestera tratatu behar sexu batekoak edo bestekoak direlako. Gero eta ebidentzia gehiago dago: profesionalek, nahi gabe, inkontzienteki, ahalegin diagnostiko eta terapeutiko txikiagoa egiten dute emakumeekin zenbait patologiatan. Generoari buruzko estereotipo sozialek bultzatuta egiten da genero-bereizketa hori arretan. Hori gertatzen da pertsona kontsultako atetik sartzen denetik, jasotzen duen arretan, itxarote-denboretan, egiten zaizkion probetan eta balorazio klinikoan eta jarrera terapeutikoan. Klinikak sexuen araberako morbilitate bereizgarria aintzat hartu behar du; hala egiten ez bada, genero-bereizketaren beste modalitate bat izango da.
Ikastaro honen helburua izan da pertsonal sanitarioari sexu- eta genero-aniztasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak erakustea. Gure gizartean presente dauden genero-estereotipoak eta -mandatuak. Pertsonal sanitarioak bere jarduna behatu behar du eta analitikoki aztertu, detektatu ahal izateko pazientearen sexuak edo baldintza sozialek noiz eragin diezaioketen jarrera estereotipatuak hartzea, eta, beraz, desparekotasuna dakarten jarduketa klinikoak egitea. Osasun integralaren kontzeptuak aintzat hartu behar du zer eragin duten testuinguru sozialak eta esperientzia subjektiboak gaixotzeko moduetan; beraz, ez da alderdi biologikoa bakarrik hartu behar kontuan, pertsonen osasuna zehazten duten faktore psikosozialak eta generoarenak ere hartu behar kontuan.
Margarita Sáenz Herrero (psikiatra, Gurutzetako U. Ospitalea)
Bibliografía: Velasco Arias Sara. Recomendaciones para la práctica clínica con enfoque de género. Madrid: 2009