Drogen eta Krimenaren aurkako Nazio Batuen Bulegoak (UNODC) gazteen artean droga-kontsumoa eta delituak prebenitzeko garatzen duen programaren barruan egin dute «Jolastu bizi – Juega vive». Santurtzik esperientzia pilotuan parte hartuko du, eta Europako lehena izango da.

Helburua gazteen indarkeriarekin lotutako arriskuak prebenitzea izango da, droga-kontsumoa horri loturiko faktoreetako bat denez. Indarkeria eta droga-kontsumoa prebenitzeko, kirola baliatzen da, gazteek kiroltasunaren eta indarkeria ezaren balioak bere egitea lortu nahi da eta. Proba pilotu honetan Axular BHIko DBHko 1. mailako ehundik gora ikaslek hartu du parte.

Ikasleek hamar saio egingo dituzte ikasturte honetan, eta hamar gehiago hurrengoan, gorputz-hezkuntzako irakaslea eta prebentzioan espezializatutako psikologo bat gidari direla. Aldaketaren hiru faktore eragileak lantzen ditu programak: uste arautzaileen ondoriozko jarrerak, droga-kontsumoaren arrisku-faktoreak gutxitzeko eta babes-faktoreak handitzeko trebetasunak, eta portaera antisozialak eta informazioa: indarkeriaz eta drogen erabilera desegokiaz dakitena.

Bestalde, sei saio eskainiko zaizkie familiei, sentsibilizatzeko eta kirola sustatzeko. Halaber, aholku espezializatuak eskainiko zaizkie gatazka-egoeretarako edo familia-arazoak daudenerako. Azkenik, tutoreei berariazko lau saio eskainiko zaizkie, programan landutako edukiak tutoretza-orduetan indartzeko.

Noticia anteriorBerdintasunerako VI. jardunaldia
Noticia siguientePertsona ardatz duen arretari buruzko nazioarteko osasun jardunaldia Euskadin izango da