ESIaren erronka estrategikoetako bat da asistentzia sanitarioan humanizazioa sustatzea eta pertsonak ardatz dituen arreta holistikoa ematea, pazienteen esperientzia hobetzeko eta laguntzaren emaitzetan eragin positiboa izateko.
Premisa horrekin, erakundeak Humanizazio Batzorde bat abiarazi du, zeinaren helburuetako bat baita humanizazioa planifikatzea eta sistematizatzea, erakunde osorako eredu estandarizatu baten bidez. Lantalde horren eginkizunak hauek dira:
- Erakunderako humanizazio-eredua definitzea.
- Humanizazio-estrategia bat hedatzeko aukera emango duen sistema bat ezartzea. Transbertsalitatea erdiesteko xedez, ikuspegi globala izango du, baina arlo bakoitzaren alderdi espezifikoak jasoko ditu eta zerbitzu/unitateetara hedatu ahal izango da.
- Aldizkako egoeraren diagnostikoa/argazkia izatea, esku hartzea eskatzen duten funtsezko arloak identifikatu eta lehenesteko.
- Humanizazio-plan bat izatea, helburu zehatzez eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnez hornitua.
- Humanizazio-kultura bultzatzea.
- Laguntza ematen duten lantaldeetan humanizazioa hedatzen laguntzea.
- Ekimen partikularrak jasotzea, haiek ezartzeko aukerak baloratzeko.
Hala, ESIan eredu bat ezarri da, humanizazioa modu sistematikoan eta koordinatuan kudeatzen lagundu behar duena. Ildo horretan, eredua oinarrituta dago arreta- eta zaintza-prozesuan parte hartzen duten alderdi guztietan eta horien arteko elkarrekintzetan, eta barne hartzen ditu harreman-, antolamendu- eta egitura-alderdiak. Ereduak, egiturari dagokionez, 6 arlo orokor, 15 dimentsio, 40 lan-eremu eta 80 hedapen-adibide dauzka.
Orain arte, Humanizazio Batzordea bitan bildu ostean, ESIaren humanizazioari buruzko autoebaluazioa egin da, horretarako diseinatutako tresnaren bidez, 2023-2024 aldirako Humanizazio Plana prestatu du eta intranetean atal bat sortu da argitaratzeko arlo horri buruzko albisteak, ekintzak eta aurrerapenak.