GE Healthcare taldeak finantzatutako eta Euskal Elektromedikuntza Foroak kudeatutako beka bati esker, gure ESIak ikasle bat hartu du 2020/2021 ikasturtean, lanbide-heziketa dualeko praktikak egin ditzan, Elektromedikuntza Klinikoko goi-teknikariaren espezialitatean. Hori horrela izanik, gure erakundea lanbide-heziketa duala eskaintzen duen lehen administrazio publikoa da.

Lanbide-heziketa dualak konbinatu egiten ditu, batetik, lanbide-heziketako ikastetxeko eta enpresako –kasu honetan, gure ospitaleko– ikaskuntza-prozesuak, eta, bestetik, prestakuntza-programetarako beken bidez ikasleak konpentsatzeko araubide bat. Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide heziketa dualaren helburua lanbide-kualifikazioa lortzea da, eta horretarako, enpresako prestakuntza eta ikastetxeko prestakuntza txandakatzen dira. Gazteen artean laneratzea eta lanbide-heziketa faboratu nahi dira.

Gure erakundearen kasuan, honako hauek hartu dute parte hitzarmen hau hezurmamitzeko atazan: Errepelegako LHIIren aldetik, haren zuzendari José Carlos Blanco Rodríguez; EEGko ESIaren aldetik, haren gerente Ma Luz Marqués González, Kudeaketa Ekonomiko eta Finantzarioko zuzendari Elisa Gómez Inhiesto; eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariorde Eduardo Resines Galaz; GE Healthcareren aldetik, haren Iberia gerente exekutibo Juan Carlos Antony García; eta Euskal Elektromedikuntza Foroaren aldetik, haren presidente Juan Karlos Martín, zeina lanbide-heziketa dualeko ikaslearen tutorea ere baden, EEGko ESIko Ingeniaritza Biomedikoko zerbitzuburu gisa.

Hain zuzen ere, GE Healthcareko Iberia gerente exekutibo Juan Carlos Antony Garcíak, ospitalea bisitatu du, eta bilera bat egin du ESIko Zerbitzu Orokorretako zuzendariordearekin eta EEGko ESIko Ingeniaritza Biomedikoko zerbitzuburuarekin.