Azken hilabeteetan «Zugan pentsatuz» programan parte hartu duten Portugaleteko bederatzi bizilagunei diplomak eman dizkiete gaur Pando kiroldegian. Ekimen honen bitartez, jarduera fisikoa egiteko ohitura sustatu dute bizitza sedentarioa zeramaten eta, gainera, beren osasunerako beste arrisku-faktore bat, diabetesa, zuten pertsonen artean. Urte erdiko esperientzia honen bidez, parte-hartzaileek oso emaitza positiboak lortu dituzte eta aldez aurretik ezarritako helburuak; gainera, beren osasuna hobetu dute kirolari esker.

«Zugan pentsatuz» proiektua 2017an abiarazi zen, Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIko Errepelagako Lehen Mailako Arretako Unitateak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzak, Portugaleteko Udalak eta Demuporsak sustatuta.

Esperientzian bederatzi pertsonak hartu dute parte, Errepelagako osasun-zentroan lan egiten duten profesional sanitarioek hautatutakoak. Normalean jarduera fisikorik egiten ez zuten pertsonak ziren, eta osasunerako arrisku-faktore bat izan daitezkeen patologia kronikoak zituzten.

Haiekin lan egin duen monitorea indarra, oreka eta gaitasun aerobikoa eta anaerobikoa lantzen saiatu da. Gainera, dauden kirol-modalitateen berri eman die.

Hasieran zehaztutako helburuak lortzeko, egin beharreko ariketen mota hartu da aintzat eta taldeen dinamika ona eta soziabilizazioa bilatu da, hain zuzen ere, jokoen eta jolas-ariketen bitartez; horrela, lan-giro ona lortu dute eta parte-hartzaileak motibazio onarekin joan dira saioetara.

Urtarrila eta ekaina bitartean garatutako programaren sei hilabeteak igarota, erabiltzaile gehienek ondo amaitu dute programa, eta, lortutako arrakastei eusteko, bizi-ohitura osasungarriak (tartean, kirola) egiten jarraitzeko prest daudela adierazi dute.

Emaitza on horiek aztertuta, Udalak eta Demuporsak programa honen beste edizio bat antolatzeko prestasuna adierazi dute, Errepelagako osasun-zentroan hautatutako beste pertsona batzuen parte-hartzearekin.