Ingurumen Kudeaketako Sistema ezarri du ESIak, eta bere gain hartu du etengabeko hobekuntzako konpromisoa. Hori dela eta, aintzatetsi egin dute ESIa 2020an, Batasunaren EMAS sisteman erregistratuta («Eco-Management and Audit Scheme»). Europako EMAS Erregelamenduak kudeaketa- eta auditoretza-eskema eraginkor bat zehaztu du, gure erakundearen ingurumen-jarduna kudeatzeko eta etengabe hobetzeko. EMAS Erregelamenduaren ingurumen-kudeaketako sistemaren eredua ISO 14001 arauan dago oinarritua, eta, gainera, bere berezko ezaugarriek ingurumen-kudeaketarako bikaintasun-eredu bihurtzen dute.

Ziurtagiri horren arabera, honako hau da ESIaren irismen osoa: Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, 12 osasun-zentro eta 17 kontsultategi; ingurumen-politika zehaztua du, ingurumen-kudeaketako sistema bat erabiltzen du, eta, aldian-aldian, sistema horren funtzionamenduaren berri ematen du, erakunde independenteek egiaztatutako ingurumen-adierazpen baten bidez.

EMAS erregelamenduaren onurak

ISO 14001 ingurumen-kudeaketako sistema bat ezartzearen berezko abantailez gain, Ekonomia Zirkularra garatzen laguntzen die erakundeei EMAS Erregelamenduak, izan ere:

  • Ingurumen-portaerari buruzko adierazle batzuk ezartzea eskatzen du, baliabideen erabilera eraginkorra aztertzeko eta neurtzeko, bizi-zikloaren ikuspegian eta arriskuan oinarritutako pentsamenduan oinarrituta.
    • Legea betetzen dela ziurtatzeaz gain, aukera ematen du ingurumen-baldintza berriei aurrea hartzeko, eta horrek arriskuak minimizatzen laguntzen du prebentzioaren ikuspegian oinarrituta.
    • Langile guztien inplikazioa eskatzen du nahitaez, eta, horrela, balioa ematen zaio haiek kudeaketa-sisteman parte hartzearen garrantziari.
    • Ingurumen-adierazpena, egiaztatzaile independente eta akreditatu batek baliozkotua, komunikazio-tresna indartsua da, eta erakundeari laguntzen dio ingurumen-kudeaketako sistema bat ezartzearen ondorioz egindako ahaleginari balioa ematen. Horrez gain, gardentasun-ariketa bat da, alderdi interesdun guztiek –administrazio publikoek barne– aitortzen dutena.
    • Berrikuntzarako motor bat da; izan ere, etengabeko hobekuntza sustatzen duenez, erakundeak helburu berriak ikertu behar ditu: kontsumoak murriztea, prozesuetan aldaketak egitea, gutxiago kutsatzen duten materialak bilatzea eta abar.