Urriaren 17an hasi eta 28ra arte, Kudeaketa Aurreratuari buruzko Europako Astean, jardunbide egokiei eta esperientziei buruzko hainbat topaketa egingo dira. Hala, gaur eta bihar, Euskalduna jauregian bilduko dira, kudeaketa-arloko oraingo joeren erakusle diren bi gai bloke aztergai dituztela:

1. Kudeaketa aurreratua eta Prozesuen berrikuntza
2. Kudeaketa aurreratua eta Pertsonak: talentuaren eta aniztasunaren kudeaketa

Gure ESIak Kudeaketa Aurreratua-Prozesuen berrikuntzari buruzko jardunbide egokien mahaian parte hartu du, gaur, zehazki. Bertan, ESIko Berrikuntza eta Kalitateko zuzendariordeak «Prozesuen berrikuntzaren bidez balioa emanez Ezkerralde Enkarterri Gurutzetako ESIan-Osakidetza» jardunbide egokia aurkeztu du, erakundean aldaketak sortzen laguntzeko prozesuetan berrikuntza tresnak erabiltzeari buruzko esperientziak azalduz.

Ildo berean, berrikuntzako esperientziak aurkeztu dituzte, tartean, Design Thinking tresnaren bidez eta paziente-esperientziaren bidez pazienteei entzutearen arloko berrikuntzako esperientziak; espazio-eraldaketako berrikuntzakoak, arreta-protokoloak aldatuz (erabaki-algoritmoak, digitalizazioa, balio-zikloa…); komunikazio-tresnen bidezko berrikuntzakoak (eSano, Nire bizi-kalitatea miniliburua…), etab.

EEGESIan, berrikuntza dugu oinarri, gauzak bestela egiteko tresna baita, baita erakundean aldaketak eragiteko eta artatzen ditugunei balioa emateko ere.