Karrantzako kontsultategiko profesionalek Karrantzako Kontxa BHIko irakasleei aurkeztu diete hezkuntza-zentro horretan ikasturte honetan garatuko den programa: «Nerabeentzako hezkuntza afektibo-sexuala; genero-indarkeriaren eta sexualitatearekin lotutako arriskuen prebentzioa nerabezaroan».

Teresa Rosa Calvo LMAko medikuak eta Francisco Javier Fernández erizainak –Karrantzako kontsultategikoak biak– aurkeztu zuten joan den astean ekimena. Irakaskuntza- eta osasun-arloen arteko lankidetzan egin da, eta Asturiasen ezarri zen «Ni ogros ni princesas» programan oinarrituta dago. OMEk bermatutako zortzi funtsezko kontzeptu garatzen ditu gaiaren inguruan. Hauek, hain zuzen:

1. harremanak
2. balioak, eskubideak, kultura eta sexualitatea
3. generoa ulertzea
4. indarkeria eta segurtasuna
5. osasunerako eta ongizaterako trebetasunak
6. giza gorputza eta horren garapena
7. sexualitatea eta portaera sexuala
8. sexu- eta ugalketa-osasuna

Honako hauek dira programaren helburuak: «Ni ogros ni princesas» programa ezartzea eskola-eremuan, prebentzio-estrategia gisa (progresiboki garatuko da DBHko 1. mailatik 4. mailara) eta nerabeen harremanetan berdintasuna, tratu ona eta errespetua sustatzeko estrategia gisa, teknologia digitalarekin eta bideo eguneratuekin osatuta; osasun- eta irakaskuntza-eremuen arteko lan koordinatua bultzatzea ikastetxeetan; eta programaren efikazia ebaluatzea programa DBHko 4. mailan amaitu ondoren eta, horretarako, galdetegien bidezko komunitate-ikerketako azterlan bat egitea.