Zainketa Intentsiboetako Medikuntzaren Europako Elkarteak (ESICM) C19_SPACE programa bultzatu du, Europako Batzordeak finantzatua, normalean ZIUan lan egiten ez duten osasungintzako diziplina anitzeko profesionalei prestakuntza emateko, COVID-19 pandemiak irauten duen bitartean unitate horiei laguntza gehigarria eman diezaieten.
ESIa partaide izango duen prestakuntza-programa esklusibo hori mediku eta erizainei zuzenduta dago eta urritik azarora bitartekoa izango da. Gontzal Tamayo sendagilea eta Miren Bengoetxea erizaina dira, biak ala biak Ospitaleko Anestesia eta Bizkortzeko Zerbitzuko kideak, Kantabria eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremuko bultzatzaileak. Medikuen prestakuntza Anestesia eta Bizkortzeko Zerbitzuko bederatzi profesionalek zuzenduko dute; erizainena, berriz, Anestesia eta Bizkortzeko Zerbitzuko bost profesionalek eta ZIUko batek.
Programa horren helburua honako hau da: ZIUen ahalmena azkar, aldi baterako eta nabarmen handitzeko beharra sortzen denean, bertan jarduteko prestatuta dauden osasungintzako langile gehiago edukitzea. Horretarako, online prestakuntza (webcasten eta podcasten edo tokiko ekitaldi birtualen bidezkoa) eta aurrez aurreko prestakuntza bateratuko dira, tresna berritzaileez (adibidez, errealitate birtuala) eta Ospitaleko unitateetako in situ behaketaz baliatuta. Prestakuntzaren ardatza COVID19a duten pazienteei arreta eta zainketa emateko oinarrizko kontzeptuak dira: monitorizazio hemodinamikoa, arnasketa-laguntza, sepsiak eta infekzioak, NBEen erabilera, eta abar.