Gure ESIk MAPAC ekimenean (Praktika Asistentzialaren eta Klinikoaren Egokitasunaren Hobekuntza) parte hartzen du. Ekimen horren xedea zera da: praktika asistentzial eta klinikoren egokitasuna optimizatzea, desegokiak izan daitezkeen prestazioak identifikatuz, gomendioak emanez eta toki-ingurunera egokitutako hobekuntza-ekintzak proposatuz. Halaber, ekimen horrek beste helburu bat ere badu: hautabide hobeak badaude, horien erabilpena sustatzea, hain zuzen ere.

Egokitasunaren hobekuntza prozesu sistematiko eta esplizitua da, honako elementu nagusi hauek dituena: eskuragarri dagoen ebidentzia zientifikoaren balorazio kritikoa; erakunde bakoitzeko praktika asistentzialaren balorazioa; eta lankidetza aktiboa klinikoen, informazio klinikoko sistemetako adituen eta metodologoen artean.

Gure ESIko MAPAC Batzordearen burua José Ignacio Pijoan doktorea da, Epidemiologia Klinikoko unitateburua eta Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBEReko Epidemiologia Klinikoko programaren koordinatzailea. Programa horren ekimenez jarri ziren abian, hain zuzen ere, mota horretako lan-taldeak, hauen artean lotura handiagoa lortzeko: batetik, ikerketa klinikoari esker praktika asistentzial askoren efikaziari, eraginkortasunari, segurtasunari, aukerari eta efizientziari buruz dakigun guztia; eta bestetik, horiei gure erakundeen benetako testuinguruan ematen diegun eguneroko erabilera.

Espainiako estatuan MAPAC batzordeak edo antzekoak eratzen ari diren ospitalez eta erakunde sanitarioz osaturiko gero eta sare handiago bat dago, eta sareko lankidetza bat hasi da horien artean. Bartzelonako Hospital de la Santa Creu i Sant Pau ospitaleak du sare horren koordinazio orokorra. Gure inguruan, Donostialdea ESIren MAPAC batzordea izan zen Osakidetzaren esparruan sortu zen lehenengoa. Duela gutxi, Barakaldo-Sestao ESI gure MAPAC Batzordean sartu da, prozedurak eta baliabideak partekatzeko. Osakidetzaren Erakunde Zentralean ere MAPAC korporatiboko batzorde berri bat dago, baita gure lurraldeko Erakunde Sanitario Integratu guztietan MAPAC batzordeak sortzeko plan bat ere.

MAPAC metodologia zazpi alderditan oinarrituta dago:

  1. Analiza daitezkeen prestazioak identifikatzea hainbat informazio-iturriren bitartez, dela kanpokoak (literatura zientifikoa, nazioarteko egokitasun-ekimenak, beste batzorde batzuk) dela barnekoak (osasuneko profesional baten, paziente baten edo herritar baten komunikazio espontaneoa).
    2. Irizpide jakin batzuetan oinarrituta ebaluatu beharreko prestazioak lehenestea; irizpideak hauek dira: eraginkortasuna, segurtasuna, aukera, efizientzia, beste hautabide batzuekiko posizionamendua.
    3. Lehenetsitako prestazioen banan banako ebaluazioa.
    4. Gomendio esplizituak sortzea, analizatutako prestazioa modurik egokienean erabiltzeko kondizioak justifikatu eta zehaztuko dituztenak.
    5. Gomendioak eta horiek txertatzeko plana zabaltzea.
    6. Ekintzen eragina ikuskatzea eta ebaluatzea.

CIBERESPen Epidemiologia Klinikoko Programak inkesta bat zabaldu du hogei zentrotan baino gehiagotan, kudeaketa klinikoan erantzukizunak dituzten profesionalek seinala ditzaten zer praktika eta prestazio asistentzial merezi duen ebaluatzea, duten egokitasun-mailaren arabera. Gure ESIn, 300 prestazio baino gehiago baloratu dira hasiera batean, eta horietan oinarrituta, praktiken hasierako zerrenda bat sortu da; batzordeak praktika horiekin hasi du bere lana.

Aztergai izan daitezkeen prestazio horiek guztiak, nazioko nahiz nazioarteko zenbait ekimenetatik planteatutako beste batzuekin batera, CIBERESPek mantentzen duen DianaSalud plataforma digitalean eskuragarri daude (www.dianasalud.com).