ESI-ren kudeaketa aurreratuaren ereduak zilarrezko «A» saria jaso du Euskalit, Euskadiko Kalitatearen Fundazioaren eskutik. Kudeaketa aurreratua egiten duten eta beren interes-talde, bezero, langile, eta akziodun guztien eta, oro har, gizartearen gogobetetze orekatua bilatzen duten erakundeei ematen zaie sari hau. Sari-banaketa atzo izan zen, abenduak 14, 19:00etan, Bilboko Euskalduna jauregian.

Kanpo-ebaluatzaileek 3 egun igaro dituzte erakundeko 100dik gora kide elkarrizketatzen, ESIk egindako kudeaketaren memoria egiaztatzeko.

Besteak beste, ESIk pazientea estrategiaren ardatz bihurtu izana nabarmendu da amaierako txostenean, eta, bereziki, pazientearen parte-hartzea eta inplikazioa sustatzeko egindako ahalegina. Era berean, arreta hobetu eta emaitza positiboak lortzeko aliatu gakoak identifikatzen jakin izana nabarmentzen da, hala nola berrikuntza eta sormena izatea aldaketaren eta transformazioaren gako-faktoreak, eta horiek guztiak osasun-sistemaren jasangarritasunera orientatuta egotea. Prozesukako kudeaketaren eta segurtasun klinikoaren alde egindako apustuak balorazio positiboa jaso du, baita kudeaketa-sistema desberdinak (kalitatea, ingurumena eta arriskuen prebentzioa) integratzeko xedez hasitako bideak ere.

ESIren hobekuntza-arlo nagusiak ere aipatzen dira ebaluazioan; kudeaketa-sistemak denbora behar du hedapenak sistematizatzeko, emaitzak finkatzeko eta doikuntzak zein neurriak aplikatzeko, eta behin horiek lortuta, aurrerapauso handiak emango ditu, eta seguruak, errendimendu-maila handiagoak eskainiz eta bide horretan pertsona gehiago inplikatuz.
Kudeaketa aurreratuaren ereduaren egitura:

Sei elementu nagusiren arabera garatu da organizazioen lehiakortasuna egituratuko duen kudeaketa-eredua, helburu hauekin:

  • Pertsonengan proiektu partekatu bateko kide izateko sentimendua sortzea
  • Erakundea bezeroenganantz orientatzea ezberdintzeko balio-ekarpena eginez
  • Berrikuntza erakundearen esparru guztietan aplikatzea
  • Gizartearekiko konpromisoa bultzatzea, lehiatzeko gaitasun esanguratsuen emaile garrantzitsua baita
  • Epe luzeko ikuspegi bat sortzea, eta zehatz definitutako estrategia batean gauzatzea
  • Interes-talde guztientzat gustuko emaitzak lortzea modu jarraituan eta orekatuan.